Mundua -
Gatazka
Indiak eta Pakistanek "erabateko eta berehalako" su-etena adostu dute
Bi herrialdeen arteko tentsioa puntu gorenean zegoen, apirilean Indiako Kaxmirren izandako atentatu baten ondorioz. Indiaren esanetan, "baldintzapeko su-etena" da gaur adostutakoa. Indiak, hala ere, su-etena urratu izana leporatu dio Pakistani.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Donald Trump AEBko presidenteak larunbat honetan iragarri duenez, Indiak eta Pakistanek "erabateko eta berehalako" su-etena adostu dute. Bi herrialdeen arteko erasoak izan dira azken orduetan, eta nazioartean tentsioa areagotzen ari zen.
"AEBk sustatutako elkarrizketa-gau luze baten ostean, pozik iragarri behar dut Indiak eta Pakistanek erabateko eta berehalako su-etena adostu dutela", esan du Trumpek Truth Social sare sozialean.
"Zorionak bi herrialdeei sen ona eta inteligentzia handia izateagatik. Eskerrik asko gai honi eskainitako arretagatik", erantsi du agintari estatubatuarrak, Pakistanek Indiako zenbait base militarri eraso egin eta ordu batzuetara.
Ishaq Dar Pakistango Atzerri ministroak su-etena baieztatu du. "Pakistanek eta Indiak berehalako su-etena adostu dute. Pakistan bakearen eta segurtasunaren alde borrokatu da beti, bere subiranotasuna eta lurraldetasuna arriskuan jarri gabe", idatzi du X sare sozialean argitaratu duen mezu batean.
Pakistanen eta Indiaren arteko tentsioa apirilean piztu zen, Indiako Kaxmirren izandako atentatu baten ondorioz. 26 zibil hil ziren, gehienak turistak. Indiak Pakistan jo zuen atentatu haren erantzuletzat, eta herrialdearen kontrako erasoak abiatu zituen, Pakistango agintariek akusazio horiek ukatu arren.
Indiaren esanetan, baldintzapeko su-etena da
New Delhiko agintarien iturriek NDTV kateari zehaztu diote "baldintzapeko su-etena" dela larunbat honetan adostutakoa, eta, horrenbestez, ez duela ekarriko Indiako Gobernuak hartutako errepresalia neurriak (tartean itun hidrografikoa) gaur bertan kentzea.
Indiako Atzerri Ministerioko iturriek, bestalde, Hindustan Times egunkariari baieztatu diote, "ekintza militarra geldituko badute ere", gainerako neurriek indarrean jarraituko dutela.
Indiak su-etena urratu izana leporatu dio Pakistani
Indiako Gobernuak formalki leporatu dio Pakistani Kaxmirko eskualde lehiatuan su-etena urratu izana, larunbat honetan indarrean sartu eta ordu gutxira, zehaztu gabeko "muga-intrusio" batekin, eta Islamabadeko agintariei eskatu die liskarrak berehala eteteko, adostutakoari jarraituz.
Pakistango segurtasun indarretako iturriek Indiaren hitzari kontra eginez ziurtatu dute Indiarekin lortutako su-etenak ez direla aplikatzen Kontrol Lerroan (LdC), bi herrialdeen arteko muga Kaxmirko eskualdean.
"Indiak dio su-etena nazioarteko mugetan baino ez dela aplikatzen", esan dio segurtasun indarretako funtzionario batek agentzia bati, baina ez du baieztatu Pakistanek akordioa hautsi izana. Nazioarteko muga bi herrialdeek onartutako mugari dagokio, eta horrek ez du LdC barne hartzen.
Aitzitik, Indiako agintariek su-etenaren berri zabaldu denean adierazi zutenez, "itsasoko, aireko eta lehorreko jarduera militar guztiei" eragiten die.