Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Frantziak, Erresuma Batuak, Alemaniak eta Poloniak zigorrak jarriko dizkiote Putini, su-etena deitzen ez badu
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak azaldu duenez, astelehenean bertan sartu beharko luke indarrean su-etenak, eta AEB arduratuko litzateke betetzen dela egiaztatzeaz. Errusiako Gobernuak erantzun du ez dela zigorren beldur.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Frantziako, Erresuma Batuko, Alemaniako eta Poloniako buruzagiek topaketa egin dute larunbat honetan Kieven, eta orain arte Etxe Zuriak gidatu duen gerrari amaiera emateko ahaleginari hauspoa ematea erabaki dute. Helburu horrekin, Vladimir Putin Errusiako presidenteari mehatxu egin diote astelehenean bertan su-etena deitzen ez badu, zigor gogorrak jarriko dizkiotela iragarriz.
"Astelehenetik aurrera, gutxienez 30 eguneko su-eten oso eta baldintzarik gabekoa hasi behar dela adostu dugu. Elkarrekin eskatu diogu Errusiari", jakinarazi du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, aipatu estatuburu eta gobernuburuak ondoan zituela emandako prentsaurrekoan.
"AEBren babesa dugu", gaineratu du Zelenskik, eta Moskuk hilabeteko su-eten honi uko egiten badio Europako buruzagi horiek Errusiako energia eta banku sektoreei zigor gehiago ezarriko dizkietela azaldu du.
Su-etena aldarrikatzeko, Ukrainak bere bazkideen aldetik armarik ez jasotzeko eskatzen du Errusiak, baina Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak argi esan du baldintza hori ez dela beteko.
Estatu Batuetako egiaztapena
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak azaldu duenez, Errusiak su-etena onartzen badu, AEBk egiaztatuko du betetzen dela. Moskuk akordioa hautsiz gero, Macronek aurreratu du "zigor masiboak" onartuko dituztela Errusiaren aurka, Europak eta AEBk elkarrekin koordinatuta.
Frantziako presidenteak gaineratu du hilabeteko su-etena onartzeak aukera emango lukeela beste gai garrantzitsu batzuei buruz "berehala" negoziatzen hasteko, hala nola gatazka armatua amaitu ondoren Ukrainak bazkideengandik jaso behar dituen segurtasun bermeen inguruan.
Bileraren ostean eta prentsaurrekoa ematera irten aurretik, Kievera joan diren Europako liderrek (Zelenski barne) telefonoz hitz egin dute Donald Trump AEBko presidentearekin, Macronek eta Starmerrek sare sozialetan baieztatu dutenez.
AEBk Europako buruzagien adierazpenen aurrean publikoki egindako lehen erreakzioan, Keith Kellogg jeneral erretiratuak Kieveko Atzerri ministro Andre Sibigaren mezu bat partekatu du X sarean, Kieveko bileraren ondorioak laburbilduz, eta berretsi du hilabeteko hasierako su-eten bat funtsezkoa dela gerra amaitzeko bidean aurrera egiteko.
Errusiak dio "zigorrekin beldurtu nahi izatea denbora galtzea" dela
Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak berehala erantzun dio europarren mehatxuari. "Zigorretara ohitu gara jada. Iragarri bezain pronto prestatzen gara ondorioak minimizatzeko. Ikasi dugu. Beraz, zigorrekin beldurtu nahi izatea denbora galtzea da", esan du Peskovek Errusiako telebista publikoan.
Halaber, Putinen bozeramaileak berretsi du Errusiak ez duela onartuko Kievek, Washingtonek eta europarrek eskatu dioten hilabeteko su-etena aldarrikatzea, Ukrainak Mendebaldeko aliatuen armak jasotzeari uzten ez badio.