Mundua -
AITA SANTU BERRIA
Zergatik hautatu du Leon XIV.ak izen hori? "Beste industria iraultza baten eta AAren erronkei erantzuteko"
Kardinal guztiekin izandako lehen topaketan, Leon XIV.ak bere aurreko aita santuen irudia goraipatu du eta Frantziskoren "herentzia baliotsua"ri jarraipena emateko eskatu du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Leon XIV.a aita santu berriak kardinal guztiak bildu ditu larunbat honetan lehen aldiz, eta bere lehen hitzartze orokor horretan, besteak beste, zergatik aukeratu duen izen hori azaldu die. Elizak "beste iraultza industrial bati" eta "Adimen Artifizialaren garapenaren erronkei" aurre egin behar diela adierazi die, eta testuingu horretan kokatu du hautaketa.
"Bide hau jarraitzera deitua sentitu nintzenean, Leon XIV.a izena hartzea pentsatu nuen. Hainbat arrazoi daude, baina garrantzitsuena da Leon XIII.a aita santuak, Rerum novarum entziklika historikoarekin, lehen iraultza industrial handiaren testuinguruan aurre egin ziola eztabaida sozialari, eta, gaur egun ere, Elizak bere doktrina soziala beste industria iraultza baten eta Adimen Artifizialaren garapenaren garai betean osatu behar du. Horiek erronka berriak dakartzate giza duintasunaren, justiziaren eta lanaren defentsan", adierazi du Leon XIV.ak kardinalen aurrean egindako hitzaldian, Egoitza Santuko prentsa bulegoak argitaratu duenez.
"Vatikanoko II. Kontzilioaren ildotik Eliza unibertsala duela hainbat hamarkadatik egiten ari den bideari erabateko atxikimendua" emateko eta konpromiso hori "elkarrekin berritzeko" deia egin die kardinalei.
Berak dituen "laguntzaile estuenak" beraiek direla ere esan die, eta "badakit beti kontuan hartu ahal izango dudala zuen laguntza", gaineratu du.
"Frantziskoren herentzia baliotsua"
Leon XIV.ak bere aurretik egon diren aita santuen irudia goretsi du, eta Frantziskoren "herentzia baliotsua" gordetzeko eskatu du. Frantziskok "zerbitzuari eskaintzen zion dedikazio osoa" nabarmendu du, baita "bere esentzialtasun soila, misioak iraun bitartean Jaungoikoaren erabat menpe egotea eta Aitaren Etxera itzultzeko unean izandako lasaitasuna". "Jaso dezagun herentzia baliotsu hori, eta ekin diezaiogun bideari, fedeak berak ematen digun itxaropenak bultzatuta", azpimarratu du.
Frantzisko aita santua hil ostean katolikoek agertutako "maitasuna eta debozioa" ere nabarmendu ditu, "nola agurtu duten eta nola egin duten negar", eta "Elizaren benetako handitasuna" hori dela esan du, "kideen aniztasunean bizi baita, Kristo buruzagi bakarrak bilduta".
Ezusteko bisita Genazzano udalerrira
Kardinal guztiekin elkartu ondoren, aita santua, ezustean, Erromatik gertu dagoen Genazzano udalerriko agustindarren santutegira joan da.
Vatikanoak ez du aurretik iragarri, eta Robert Francis Prevostek Vatikano Hiritik egin duen lehen irteera izan da ostegunean Eliza katolikoaren buru izendatu zutenetik.
Han bildutakoek harrera beroa egin diote.
Genezzano utzitakoan, Frantzisko aita santuaren hilobia bisitatzera eta bertan errezatzera joan da Leon XIV.a.