Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Israelgo Armadak 100 pertsona baino gehiago hil ditu Gazan azken erasoetan

"Gure erreskate taldeek 100 hilotz baino gehiago berreskuratu dituzte (Israelek) gaur erasotutako etxebizitzetatik", Babes Zibileko ordezkari baten hitzetan, eta hildakoak gehiago izan daitezkeela ohartarazi du.

Israelek Jabalian hildako hainbat pertsonaren gorpuak. Argazkia: EFE
Israelek Jabalian hildako hainbat pertsonaren gorpuak
Israelek ostiral honetan egindako erasoek beste 100 hildako eta 200 zauritu baino gehiago eragin dituzte Gazan

0:39

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egunak joan, egunak etorri, Israelek Gazan erasoak egiten jarraitzen du. Ostiral goizaldetik, 100 pertsona baino gehiago hil eta 200 zauritu ditu Israelgo Armadak Gazako Zerrendan.

"Gure erreskate taldeek 100 hilotz baino gehiago berreskuratu dituzte (Israelek) gaur erasotutako etxebizitzetatik", Babes Zibileko ordezkari baten hitzetan, eta hildakoak gehiago izan daitezkeela ohartarazi du.

Israelgo Armadak dozenaka etxebizitza bonbardatu ditu Gaza iparraldean ostegunetik ostiralerako gauean, Jabaliako errefuxiatuen kanpalekua eta Beit Lahia, besteak beste, tokiko iturrien arabera.

Atzo, osteguna, Khan Yunisen dagoen Gazako Ospitale Europarra, minbiziadun pazienteak artatzeko prestatuta zegoen bakarra, zerbitzuz kanpo gelditu zen.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak aste honetan bertan esan du Armadak "bere indar guztiekin" egingo dituela erasoak datozen egunetan Gazan, operazio militarra "burutzeko" eta Hamas "suntsitzeko".

Testuinguru horretan, su-etena lortzeko eta gatazkari konponbidea ematen saiatzeko ahaleginak "oztopatzea" egotzi dio Hamasek Netanyahuri.

Israelek martxoaren 18an alde bakarrez su-etena hautsi zuenetik, ezin dute laguntza humanitarioa banatu Gazako Zerrendan.

Trumpek amaitu du Ekialde Hurbilera egin duen lau eguneko bidaia

Donald Trump AEBko presidenteak ostiral honetan amaitu du Ekialde Hurbilean barrena egin duen lau eguneko bidaia ofiziala. Saudi Arabiaz gainera, Qatar eta Arabiar Emirerri Batuak bisitatu ditu. Gehienbat negozioak egiteko baliatu du egonaldia.

Hegazkinean etxerako bidaia hasi aurretik kazetarien galderei erantzunez esan duenez, Gazan "gauza txar asko" gertatzen ari dira. Gazako gerrari lotuta, datorren hilabetean "gauza onak" gertatuko direla aurreratu du. "Jende asko gosez hiltzen ari da Gazan", eta "palestinarrei lagundu beharko diegu", gaineratu du. Bi aldeei begiratu behar zaiela esan ondoren, "lan ona" egingo dutela iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Gazako bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Israel albisteak Palestina gaur Hamas albisteak Benjamin Netanyahu