Mundua -
Gazako Zerrenda
Israel eta Hamas negoziazio mahaira itzuli dira Gazan erasoaldi berria abiatu eta berehala
Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek Hamasi eskatu dio Gazako Zerrendaren gaineko kontola eman diezaiola, eta armak entrega ditzala.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Israelek eta Hamasek iragarri dute Gazako Zerrendan su-etena lortzeko negoziazioak abiatu dituztela ostera ere, erasoaldi berria hasi eta ordu gutxira.
Hasiera batean, Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek aurreratu du Hamasekin hitz egingo dutela Dohan berriro, lehorreko ofentsiba gorabehera.
Katzek nabarmendu du Hamas negoziazioetara bueltatu dela, Israelek Gazara laguntza humanitarioa sartzea baimendu ez badu ere, "su-eten akordiorik gabe, gainera".
Handik gutxira, Hamaseko buruzagietako batek, Mahmud Mardawik, Al Arabiya telebista kateari baieztatu dio elkarrizketak hasi dituztela, "horretarako baldintzarik ezarri gabe", eta "Israelen proposamenetan oinarritu barik".
Abbasek Gazako kontrola eskatu dio Hamasi
Bestalde, Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek Hamasi eskatu dio Gazako Zerrendaren gaineko kontola eman diezaiola, eta armak entrega ditzala, iritzita bi mugimendu horiek ezinbesteko baldintza direla nazioarteko laguntza bermatzeko, palestinar herria "sekulako krisia" jasaten ari denean.
Pedro Sanchez espainiar presidenteak ere hartu du parte gaur, larunbata, Arabiar Ligak Bagdaden (Irak) antolatutako goi-bileran. Bertan esan duenez, Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusian, Espainiak Nazioarteko Justizia Auzitegiari eskatuko dio ebazpen bat eman dezala Israelek Gazara bidalitako laguntza humanitarioari ezarritako blokeoaz.
Hamasek ere bidali die mezu bat larunbat honetan Bagdaden bildutako Arabiar Ligako herrialdeei, "genozidioa geldiaraz dezaten", eta Israeli "zigorra ezar diezaioten".
Israelek erasoaldi berria abiatu du
Bien bitartean, Israelgo Defentsa Indarrek (FDI) iragarri dute Gazako Zerrendaren aurkako erasoa hedatu dutela, "Gedeonen gurdiak" operazioa abiarazita.
"Azken 24 orduetan, Armadak eraso zabalak egin ditu eta soldaduak mobilizatu ditu Gazako Zerrendan kontrolatutako eremuez jabetzeko, 'Gedeonen Gurdiak' operazioa abiarazteko eta Gazako kanpaina zabaltzeko, Gazan gerraren helburu guztiak lortzeko helburuz, bahituak askatzea eta Hamasen porrota barne", iragarri du Israelgo Armadak X sare sozialean kaleratutako mezu batean.