Mundua -

HAUTESKUNDE LEGEGILEAK

Eskuinak irabazi ditu bozak Portugalen eta ultraeskuinak nabarmen egin du gora, sozialisten pare izateraino

Luis Montenegro lehen ministroaren koalizio kontserbadoreak argiro garaitu du, baina ez du gobernatzeko behar duen gehiengoa lortu. Eskuinera egin du, beraz, herrialdeak, eta Chega eskuin muturreko alderdia hirugarren da jada, sozialistek beste diputatu lortuta.

Montenegro, hauteskundeen emaitzak ezagutu osteko agerraldian. EFE
Montenegro, hauteskundeen emaitzak ezagutu osteko agerraldian.
Montenegro, hauteskundeen emaitzak ezagutu osteko agerraldian. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eskuineko alderdiek emaitzak hobetu dituzte Portugalgo hauteskunde legegileetan. Luis Montenegro lehen ministroaren koalizio kontserbadoreak irabazi ditu bozak, eta Chega ultraeskuindarra hirugarren indar izatera heldu da, hazkunde nabarmena izanda. Ifrentzuan, Alderdi Sozialistak porrot egin du. 

Sozialistek bigarren postuari eutsi diote, baina azken 40 urteotako emaitzarik kaskarrena jaso dute. Ondorioz, Pedro Nuno Santos buruzagiak dimisioa eman du. 

Atzerriko botoa zenbatzea falta dela (lau eserleku banatzen dira), Montenegroren Aliantza Demokratikoa (AD) gailendu da hauteskundeetan, 89 eserleku eta botoen % 32,10 lortuta. Alderdi Sozialistak botoen % 23,38 eskuratu ditu, eta 58 diputatu izango ditu ganberan. Chega ultraeskuindarrak ere eserleku kopuru bera lortu du, botoen % 22,56 eskuratu badu ere.

Alde dezente handia du Ekimen Liberalak, botoen % 5,53 eta bederatzi eserlekurekin. Ezkerreko alderdiak datoz ondoren: Livre ekologistak sei diputatu eskuratu ditu (botoen % 4,20), Alderdi Komunistak hiru aulki (% 3,03) eta Bloco de Esquerrak eta PAN animalistak, bana (% 2 eta % 1,36, hurrenez hurren). Madeirako JPP alderdi erregionalistak ordezkaritza lortu du lehen aldiz, eta diputatu bat izango du aurrerantzean (botoen % 0,34). 

Emaitzokin, Parlamentuko 69 aulkiri eustea baino ez dute lortu ezkerreko alderdiek —92 zituzten aurreko legealdian—. Eskuinak 156 eserleku izango ditu.

Zartakoa hartu dute sozialistek

Emaitza kaskarrak onartu —20 diputatu galdu dituzte kolpean— eta dimisioa eman du Pedro Nuno Santos Alderdi Sozialistaren buruzagiak.

"Alderdiaren burua naizen aldetik, nire erantzukizuna onartzen dut. Beti pentsatu izan dut hala egin behar dela, eta horregatik barne hauteskundeak egitea eskatuko dut", nabarmendu du.

Andre Ventura, eguneko beste irabazlea

Bestelakoa izan da aldartea Chega alderdi ultraren egoitzan. Pozarren, 58 eserleku lortu dituztela ospatu dute, aurreko legealdian baino zortzi gehiago.

"Ofizialki eta segurtasun osoz esan dezaket Portugalgo bipartidismoa amaituta dagoela", nabarmendu du Venturak, pozaren pozez. Gogora ekarri behar da 1974ko Krabelinen Iraultzaren ondotik Alderdi Sozialista eta Alderdi Sozialdemokrata txandakatu direla boterean.

Ventura, jarraitzaileak agurtzen, igandean. EFE

Ventura, jarraitzaileak agurtzen, igandean. EFE

Martxoan konfiantza mozio bat galdu ostean deitu zituen hauteskundeak Montenegro lehen ministroak. Hainbat komunikabidek Montenegroren familiaren enpresa bat susmopean jarri zuten, exekutiboarentzat lan egiten zuten hainbat konpainiaren ordainketak jaso zituelakoan. 

Igandeko emaitzak ezagututa, Montenegrok nabarmendu du herritarrek bere gobernuari babesa eman diotela, "ezbairik gabe", gainera. "Herriak hitz egin du eta zalantzarik gabe, Portugalgo gobernua, AD eta lehen ministroa babestu", adierazi du.

Gobernua osatzeko egingo dituen itunez galdetuta, lehen ministroa ez da argi mintzatu, eta ez du baztertu Chega ultraeskuindarrarekin akordioren bat lortzeko aukera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Portugal Hauteskundeak