Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Leon XIV.a aita santuak Israeli eskatu dio Gazara giza laguntza sartzen uzteko

Iturri humanitarioek baieztatu dutenez, giza laguntza daramaten dozenaka kamioik muga igaro badute ere, ez dira oraindik banaketa-guneetara iritsi.

Leon XIV.a aita santua, gaur, San Pedro plazan. Argazkia: EFE
Leon XIV.a aita santua, gaur, San Pedro plazan
Leon XIV.a aita santua, gaur, San Pedro plazan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazako Zerrendako genozidioa "gero eta kezkagarriagoa" dela ohartarazi du Leon XIV.a aita santuak, eta horregatik Gazara giza laguntza sartzen uzteko eskatu dio Israelgo Gobernuari.

"Gazako Zerrendako egoera gero eta kezkagarriagoa eta mingarriagoa da. Giza laguntza pasatzen uzteko eta borrokei amaiera emateko deia egiten dut, berriro, haurrek, zaharrek eta gaixoek pairatzen baitute", esan du aita santuak San Pedro plazan egin duen lehen audientzia orokorrean.

Ildo horretan, "itxaropena ereiteko eta bakea eraikitzeko" deia egin die mundu osoko kristauei.

Giza laguntza daramaten kamioiak, mugaren Gazako aldean, zain

Giza laguntza garraiatzen duten kamioiak Kerem Shalom pasabidetik Gazan sartu, sartu dira, baina oraindik materiala ez da banaketa-guneetara iritsi, tokiko iturri batek eta iturri humanitario batek EFE albiste-agentziari jakinarazi diotenez.

Israelek astearte honetan iragarri zuen giza laguntza daramaten 93 kamioiri sartzen utziko ziela. Hala ere, EFEren arabera, Unicefen dozenaka kamioi, Arabiar Emirerri Batuetako bost eta NBEren Elikagaien programako hainbat mugaren Gazako aldean geldirik daude. 

Amjad Al Shawa Palestinako gobernuz kanpoko erakundeen sarearen zuzendariaren esanetan, Israel kamioien iritsiera "atzeratzen" ari da eta nazioartearen presioari "iskin" egiten ari zaio laguntza sartzea ahalbidetu duela esanez.

Bada, bi astean lehen aldiz, laguntza humanitarioa sartu da gaur Gaza iparraldean. EFEren galderari erantzunez, Israelgo Cogat erakundeak —Gazan laguntza humanitarioaren banaketa koordinatzen duen Israelgo organismo militarra— ez du zehaztu zenbat kamioi sartu diren, ezta banaketa zergatik ez den hasi ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gazako Zerrenda Aita santua bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Israel albisteak Palestina Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?