Mundua -
Uholdeak
'Bopha' tifoiak 325 hildakotik gora utzi ditu Filipinetan
Halaber, 379 lagun desagertu eta 411 zauritu dira. 195 km/h-ko ufadak izan dira eta gutxienez 120.000 lagun etxetik atera dituzte.
Erredakzioa
352 lagunetik gora hil dira Filipinak hegoaldean "Bopha" tifoiaren eraginez. Halaber, 379 lagun desagertu eta 411 zauritu dira. Erreskate lanekin jarraitzen dute, izan ere ehunka lagun desagertu dira uholdeek eragindako luizien ondorioz.
Tifoiak atzo orduko 160 eta 195 kilometroko haize ufadak utzi zituen baina dagoeneko indarra galdu du. Palawan uhartean dago, herrialde mendebaldean, eta Hego Txinako itsasora bidean doa, PAGASA zerbitzu meteorologikoaren arabera.
Gutxienez 120.000 lagun etxetik atera dituzte, batik bat Visayas eta Mindanao eskualdeetan. Soldaduak desagertuta dauden hamarnaka lagunen bila dabiltza.
Astearte goizaldean iritsi zen "Bopha" artxipelagoaren hego-ekialdetik. Euri jasa handiak izan dira ordutik eta milaka lagunen etxeak urez gainezka daude, baita errepide eta lursailak ere.
Etxetik atera behar izan dituzten lagun gehienak, 55.000 inguru, Mindanao probintziatik ekialdera dauden herrietako biztanleak dira.
150 hegaldi inguru bertan behera utzi dituzte eta milaka lagun aireportuetan harrapatuta daude.
"Bopha" Filipinetako tifoi sasoiko azkena izango da. Urtero 15-20 tifoi izaten dira herrialdean ekaina eta azaroa bitartean.