Mundua -
INTERNET
Europako Batzordea pornografiako lau plataforma ikertzen ari da, adin txikikoak ez babesteagatik
Zehazki, Pornhub, Stripchat, XNXX eta XVideos webguneen aurkako prozedura formala abiatu du, erabiltzaileen adina egiaztatzeko sisteman hainbat urraketa egin dituztela egiaztatu dutelako.
AGENTZIAK | EITB Media
Europako Batzordeak gaur iragarri du pornografiako lau plataforma handiren aurkako ikerketa abiatu duela Europako Zerbitzu Digitalen Legea (DSA, ingelesez) urratzeagatik eta adin txikikoak eduki horien aurrean ez babesteagatik.
Atariko azterketan, Bruselak atzeman du Pornhub, Stripchat, XNXX eta XVideos webguneek hainbat urraketa egin dituztela, bereziki, adina egiaztatzeko sistema dela eta.
Prozedura formala abiatu ondoren, Europako Batzordeak frogak bildu eta konpainiei informazioa eskatuko die. Halaber, behin-behineko neurriak eta isunak ezarri ahalko dizkie, eta baita neurri zuzentzaileak ere.
"Gure lehentasuna adin txikikoak babestea eta sarean modu seguruan nabigatzen uztea da", adierazi du Henna Virkkunen Europako Batzordeko Subiranotasun Teknologiko, Segurtasun eta Demokraziarako presidenteordeak.