Itxi

X-inigoherce-X

Iruzkina

Podemos urakana

Iñigo Herce

Iñigo Herce

- Erredakzioa -

Ez da baztertzekoa Podemosek ere lekua egitea euskal mapa politikoan eta, ondorioz, gairako alderdien joko-zelaia mugiaraztea.

Iritsiko ote dira Podemos lurrikararen ondorioak Euskal Herriraino? Sistema politikoaren bihotzean danbatekoa eman du alderdi sortu berriak, baita sistema hori bera kolokan jarri ere. Zenbateraino, baina? Inkestek joera argia azaltzen dute: Europako hauteskundeetan kaleko haserrea boto-kutxetaraino heldu zela agerian jarri zuen Pablo Iglesiasen alderdiak. Gaur, bi alderdiko sistemarentzat mehatxu zuzena da. Eztabaida politikoaren ardatzean daude, modu aktiboan zein pasiboan. Gainerako alderdi guztientzat, baita komunikabideentzat ere, erreferentzia dira eta diskurtso eta erabakiak baldintzatzen ari dira.

Ez dirudi Podemosek dituen kontraesan edo ahuleziek asko axola dutenik, oraingoz. Militanteen esperientzia eskasa, antolatzeko dituzten zailtasunak, programaren izaera, liderrarekiko mendekotasuna edo gai korapilatsuetan duen zehaztasunik ezak ez dute eraginik, oraingoz. Haizea alde dute, eta politika egiteko modu berri horrek jende asko erakarri du. Stephane Hessel idazle frantziarrak aldarrikatu zuen herritarren haserreari ahotsa eta aurpegia jarri dio Podemosek. Krisialdi bortitzaren ondorioek, ustelkeriak eta alderdi nagusien erantzun faltak bidea zabalik utzi die gogaituta dauden herritarrek haserrearen boza eman ahal izateko. Litekeena da horren hazkunde azkarra koiunturala izatea, baina hauteskundeak hori ere badira: unean uneko gizartearen argazkia. Eta gaurko erretratuak hori erakusten du.

Orain arte, euskal alderdiek zeharka begiratu diote Podemosi. Euskal politikaren izaera bereziak Espainian jazo zitekeena hemen ez dela gertatuko pentsatzera eraman du arduradun politiko bat baino gehiago. Orain arte. Iragan maiatzean, Europako hauteskundeetan, Podemosek 52.386 boto jaso zituen EAEn (PPk 77.000), eta 20.039 boto, Nafarroan. Inkestek gorakada aurreikusten dute. EAJ eta ezker abertzaleko buruzagiek uste dute euren hautesleen artean gutxik egingo dutela ihes alderdi berrira. Popularrak eta sozialistak kezkatuago agertu dira, Espainian euren alderdi nagusiek izan dezaketen galera izan dezaketelako eurek ere.

Zenbait adituren ustez, halere, gorpuzten ari den boto jario berri horrek herritar kopuru esanguratsua erakar lezake gurean ere. Bere lekua zehaztu beharko du, halere, Podemosek, eta "abertzale-konstituzionalista" ardatzean, bere burua non kokatzen duen argitu beharko du. Euskal Herriko paisaia politikoa ez da ezkutuko kreditu txartelena, formakuntza ikastaroen iruzurrarena edo Espainian etengabe ageri diren maila handiko ustelkeria kasuena. Baina ez da inondik ere baztertzekoa Podemosek ere lekua egitea euskal mapa politikoan eta, ondorioz, gainerako alderdien joko-zelaia mugiaraztea.