Mundua
Hondamendi naturala
300.000 pertsona etxe barik geratu dira Haitiko hiriburuan
Erredakzioa
Port-au-Prince hiriburua ez ezik, Jacmel eta Carrefour herriak ere suntsituta daude. Bien bitartean, laguntza humanitarioa tantaka ari da heltzen, aireportua gainez baitago.
Nazio Batuek airez egindako azterketa baten ostean, Haitiko leku askotan suntsipena %50ekoa dela egiaztatu ahal izan dute, NBEko Laguntza Humanitarioaren Bulegoak azaldu duenez.
Erakundearen esanetan, Port-au-Prince hiriburua ez ezik, Jacmel eta Carrefour herriak ere suntsituta daude. Orotara 3,5 milioi pertsona bizi ziren lurrikarak txikitu dituen eramuetan. Hiriburuan, 300.000 pertsona etxe barik geratu dira.
Bulegoak biktimengana iristea oso zaila izaten ari dela eta benetako kalteak norainokoak diren zenbatzeko egun batzuk behar izango dituztela ere azaldu du.
Agintariek eta elkarte batzuek lapurretak daudela esan badute ere, NBEk ziurtatu du "orain arte" segurtasuna "egonkor" dagoela.
Laguntza humanitarioa, tantaka
Nazioarteak Haitiri laguntzeko borondatea erakutsi badu ere, herrialde hartan dagoen kaosaren ondorioz ia ezinezkoa izaten ari da sorospen ahaleginak koordinatzea.
Gorpuak nonahi pilatuta daude oraindik, inork jaso gabe, eta usteltzen hasi dira. Hori dela eta, kiratsa oso handia da eta izurri arriskua gero eta kezkagarriagoa da. Zauritutakoek, gainera, ez dute nora joan artatuak izateko.
Port-au-Prince hiriburuko aireportua gainez dago, kontrol dorrea ez baitago martxan, eta beraz, atzerriko laguntza herrialdean ia sartu ezinik dago.
Hori horrela, haitiarrak protestak egiten ari dira laguntza barik daudela salatzeko. Asko errepideak blokeatzen ari dira, hildakoen gorpuekin barrikadak eginez.
Shaul Schwarz Time aldizkariko argazkilariak barrikada horietako batzuk ikusi ditu. "Errepideak gorpuekin blokeatzen ari dira, egoera okertzen ari da. Jendea nazkatuta dago, laguntza ez baita iristen ari", azaldu du.
Rene Preval Haitiko presidenteak eskertu egin du nazioartearen laguntza, baina elkartasunak "epe luzekoa" ere izan behar duela gogorarazi du.
50.000 pertsona hilda
Haitiko Gurutze Gorriaren arabera, lurrikararen ondorioz hildakoak 45.000-50.000 izan litezke, eta kaltedunak hiru miloi. Orotara 8,9 milioi biztanle daude herrialde hartan.
"Azken orduetan 7.000 haitiar lurperatu dituzte", azaldu du Javier Velasquez Quesquen Peruko Ministroen Kontseiluko presidenteak. Haitiko estatuburuak eta Leonel Fernandez Dominikar Errepublikako presidenteak eman dizkiote datuak.
Bizidun bila oraindik
Dena dela, hainbat Gobernutako eta NBEko ordezkariek argi utzi dute hondakinen artean bizidunak aurkitzea dela oraindik lehentasuna.
"Hondakinen artean bizirik jarraitzen duten hainbat pertsona daude oraindik, eta ahalik eta bizi gehien salbatu behar ditugu", adierazi du Ban Ki-moon Nazio Batuen idazkari nagusiak.
Euren aldetik, AEBek iragarri dute 250 osasun langile igorriko dituztela berehala. Gainera, baliteke "hurrengo egunetan" 12.000 baino gehiago igortzea. Washingtonek 100 milioi dolarreko laguntzak iragarri ditu.
87 dira jada "onik" aurkitutako espainiarrak
Haitin dauden espainiarren egoerari dagokionez, Miguel Angel Moratinos Kanpo Gaietarako ministroak aurreratu du 111 pertsonetako 87 topatu dituztela dagoeneko, eta "onik" daudela.
TVEn egindako adierazpenetan, ministroak gaineratu du oraindik ez dituztela "bost, sei edo zazpi" espainiar aurkitu, eta komunikazioen egoera oso kaskarra dela gogorarazi du.
"Espainiar gehienak ondo dauden albistea ona iristen zaigu orduro", nabarmendu du.