Politika
Adierazpena
Patxi Lopez: "ETAk eten egin du ezker abertzalearen eztabaida"
Erredakzioa
Lehendakaria ETArekin berriro hitz egitearen aurka agertu da. Horrenbestez, "Polizia, Justizia eta nazioarteko lankidetza" erabilita borroka egiteko deia egin du.
Patxi Lopez lehendakariak adierazi du ETAk eten egin duela politikara "behin betiko urratsa egiteko" ezker abertzalea egiten ari den barne eztabaida.
Gaur SER irrati-katean egin dioten elkarrizketa batean, Eusko Jaurlaritzako burua ETArekin berriro hitz egitearen aurka agertu da. "Egin behar dena zera da, Zuzenbide Estatuko baliabideekin borroka egitea", hots, "Poliziarekin, Justiziarekin eta nazioarteko lankidetzarekin".
"Nire ustez, politikatik ahalegin handia egin behar dugu indarkeria zuritzeko baten batek dituen argudio faltsuei zilegitasuna kentzeko", gaineratu du.
Lehendakariaren iritziz, ETAk "behin eta berriro" erakutsi du hainbat bake-prozesutan elkarrizketaren ateak "irekita" izan baditu ere, beti amaiera "berdina" eman diela.
Lopezek gogorarazi du duela gutxi lehergaiak zituen furgoneta bat atzeman diotela ETAri. "ETA non dagoen adibide da hori", nabarmendu du. "Horrenbestez, mundu horrek zuen eztabaida amaitu egin du talde terroristak", esan du.