Itxi

Athletic Club

BBVA Liga

Athletic-Real Madril: Bihotz eta arima

Haritz Gallastegi

Lezama

Zuri-gorriek talde onenen aurka duen joera negatiboa aldatu gura du; harmailetan giro bikaina egongo da.

San Mames bero-bero egongo da Real Madrilek berdegunea zapaltzen duenerako. Talde zuri-gorriko zaleak gogotsu daude Ligako klasiko baten beste atal bat ikusteko, eta bazkideei ordaintzea egokitu zaien arren, ia bete egingo dute Katedrala.

Taldeak azken hile bietan eman duen urratsak ere izango du zerikusia jarraitzaileak duten ikusminean. Aspaldiko partez Ligako talde onenetako baten kontra irabazteko gai dela Athletic ematen du. Horretarako, hori bai, neurketa borobila jokatu beharko du. "Nik beti ikusten dut irabazteko aukera. Norgehiagoka osoa jokatu beharko dugu erasoan zein defentsan. Jokalariek azken urteotan hartu duten esperientzia ere garrantzitsua izango da", adierazi du Caparrosek.

Real Madrilentzat zelai aproposa eta erosoa dirudi San Mames. Azken bost urteotan zerbait lortu du Bilbo bisitatu duenean. Cristiano Ronaldo eta enparauekin are eta aukera gehiago izan du irabazteko. Caparrosek aurkariaren dohainak gogorarazi ditu. "Chelsearekin batera Europan dagoen talde fisikoena da. Horretaz gain, talde zuzena da eta golak sartzeko erraztasuna dauka".

Yeste Susaetaren partez ariko da hamaikakoan

Real Madrilen gaitasunak defentsako lana indartzeko gogoa eman arren, ez dirudi Caparrosek aldaketa asko egingo duenik. Yeste izan daiteke hamaikakoko berritasun bakarra. Basauritarrak Susaetaren partez jokatu dezake. Gainerakoak Malagan aritu ziren berberak izango dira. Deialdian, berriz, Etxeberria eta Iturraspe dira nobedadeak. Gabilondo zerrendatik kanpo geratu da.

Zelaia: San Mames.
Ordua: 20:00etan.
Epailea: Gonzalez Vazquez.
Athletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Amorebieta, Koikili, Gurpegi, Javi Martinez, Yeste, Toquero eta Llorente.