Itxi

Gizartea

Balantzea

Emakumeen aurkako indarkeria kasuek % 3 egin dute gora EAEn

Erredakzioa

2009an 4.859 salaketa izan ziren, 2008an, ostera, 4.717. Gainera, bi hildako izan dira, bat Bizkaian eta beste bat Gipuzkoan.

2009ko 12 hilabeteetan emakumeen aurkako indarkeria kasuek % 3,01 egin dute gora, 2008ko epe berdinarekin alderatuta, Eusko Jaurlaritzako Emakumeen Aurkako Indarkeria Biktimak Laguntzeko Zuzendaritzak gaur jakinarazi duenez.

"Arazo sozial larriaren" balantzea eta 2008 eta 2009 artean izandako eboluzioa azaldu du Mariola Serrano erakunde horretako arduradunak Bilbon.

Azken urtean 4.859 salaketa erregistratu dira, 2008an, ostera, 4.717 izan ziren. Era berean, martxoaren 23an, Gernikan (Bizkaia) eta maiatzaren 9an, Irunen (Gipuzkoa) izandako bi hildakoak gogorarazi ditu Serranok.

Bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria

Bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria % 71 baino gehiago da, izan ere, 3.476 kasu dira, iaz baino % 2,63 gehiago. Familiaren barnean egindako indarkeriak jarraitzen dio, 1.072 kasurekin, 2008ko datuekin alderatuta "gogoan hartzeko gorakada" da, % 8,5 kasu gehiago.

Sexu-askatasunaren kontrako 311 delitu zenbatu zituzten 2009an, erasoak eta sexu-abusuak batez ere. Delitu mota hauen "beherakada txikia" goraipatu du Serranok, % 9,06 kasu gutxiago.

Datu guzti hauek Emakumeen Aurkako Indarkeria Biktimak Laguntzeko Zuzendaritzaren atari berrian ikusgai dira 2010eko urtarrilaren 1etik. Erakundearen helburuak, funtzioak eta ekintzak jakitera eman nahi ditu atariak.