Itxi

Mundua

Lurrikararen ostean

"NBEk inoiz aurre egin dion egoerarik larriena" da Haitikoa

Erredakzioa

Torrejon de Ardozera (Madril) heldu da ebakuatuen lehenengo hegazkina. EBko diplomazialari espainiarraren gorpua aurkitu dute.

Puerto Principe Haitiko hiriburua astindu duen lurrikara "hondamendi historikoa" eta "NBEk inoiz aurre egin dion egoerarik larriena" da, Elisabeth Byrs OCHAren (ONU) bozeramaileak zabaldu duenez.

Halaber, Byrsen esanetan, "inoiz ez diogu aurre egin behar izan antzeko egoera bati. Bururik eta gobernu-egiturarik gabeko herrialde bat topatu dugu", eta horrek zeharo zaildu ditu erreskate eta laguntza lanak.

Bozeramaileak azaldu duenez, ezta Sumatra Indonesiako irla astindu zuen "tsunamia" gertatu zenean ere (300.000 hildako baino gehiago eragin zituen 2004. urtean, abenduan) egoera ez zen horren larria.

Lurrikara gertatu zenetik igaro diren lau egunotan, 27 bilaketa talde lanean aritu dira jendea hondakinen azpitik ateratzeko, 1.500 kide izan dira, 115 zakur trebaturekin, eta bakarrik lortu dute 58 pertsona erreskatatzea", Byrsen arabera.

Etsipena indarkeria bihurtzen ari dela da Rene Preval presidentearen eta Jean Max Bellerive lehen ministroaren kezka nagusia, agintari horren esanetan.

Port-au-Princeko aireportuko kontrola AEBen esku uztea erabaki du Haitiko Exekutiboak, laguntza azkarrago banatzeko, AEBetako Estatu Departamentuak jakitera eman duenez.

Espainiaren laguntza

Bestalde, Espainiako Gobernuak 2.795.000 euro jarri ditu OPSren esku, (OMEren menpeko) Haitira eta Dominikar Errepublikara eramateko material medikoa erosteko.

Horrela iragarri zuen Trinidad Jimenez Osasun ministroak, Soraya Rodriguez Nazioarteko Lankidetza estatu-idazkariarekin, Enrique Iglesias Iberoamerikako estatu-idazkariarekin eta Latinoamerikako enbaxadore guztiekin bildu ostean. Bertan Espainiak bidalitako laguntzen berri eman die ministroak, bidaltzeak hobeto koordinatzeko.

Larrialdi egoeratarako dagoen kontu korronte batean dira 2,7 milioi euroak, OPSrekin sinatutako hitzarmen baten arabera. Diru-laguntzak botikak (500.000 euro), ekipo kirurgikoak, kanpaina ospitaleak (Dominikar Errepublikako mugan jartzeko) eta gaixotasun epidemiologikoei aurre egiteko neurriak erosteko "aktibatu" dituzte.

Pilar Juarezen gorpua aurkitu dute

Pilar Juarez diplomazialari espainiarraren gorpu a hondakinen artean aurkitu dute Port-au-Princen. NBEko eraikuntza batean zegoen lurrikara izan zenean.

Juarez EBko kooperazio ordezkaria zen Haitin.