Politika
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Mendia: "T-4aren hondakinetan gelditu zen elkarrizketaren bidea"
Euskadi Irratia
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ez du balorazio politikorik egin nahi izan ETAren komunikatuaren gainean, izan ere, "ETAk indarkeriarekin jarraitu nahi du".
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak uste du ETAren azken agiriak ez duela irakurketa politikorik merezi, izan ere, "orain aste t''erdi lau terrorista atxilotu zituzten eta horrek erakusten du ETAk indarkeriarekin jarraitu nahi duela. Ez daudela politikaren alde".
Euskadi Irratiko "Albiste Faktoria"n egin dioten elkarrizketan, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berretsi du gizarteak ETA desagertzea nahi duela, armak uztea. "Hori bakarrik entzun nahi dugu, gainerako guztia denbora galtzea da".
Batasunak hasi duen hausnarketari buruz galdetuta, Mendiak dio "asteburuko agiria barne mezu bat" dela "euren jendearentzat. Problema larriak dituzte barruan, gehiengoa indarkeriaren kontra dago". Ezker abertzaleari aurrerapausoa eskatu dio Gasteizko Gobernuko bozeramaileak: "ETArengandik alden dautezela eta politikan sar daitezela. Horretarako badakite zer egin, bonbak utzi eta hitza erabili behar dute Estrasburgoko sententziak argi esan duenez".
Negoziaketari ateak itxi dizkio beste behin Mendiak: "T-4aren hondakinetan gelditu zen elkarrizketa bidea, ETAren borondatea ez delako gelditzea eta zentzu horretan, ETArekin soilik egin dezakeguna da atxilotzea".