Itxi

Gizartea

Aaiunera itzuli ondoren

AIk Haidar "etengabeko zaintzapean" dagoela salatu du

Erredakzioa

Amnistia Internazionalak ekintzaile sahararrari libreki bidaiatzen eta adierazten uzteko eskatu dio Marokori, izan ere, "jazarri egiten dute etxetik ateratzen den bakoitzean".

Amnistia Internazionalak Aparteko Ekintzen Sareko dozenaka mila kide mobilizatu ditu Marokori ekintzaile sahararrari libreki bidaiatzen eta adierazten uzteko eska diezaioten, izan ere, Aaiunera itzuli zenetik ezin izan omen du bizimodu normala egin Marokoko agintarien "etengabeko zaintzapean" dagoelako.

Iragan abenduaren 17an, ekintzaile sahararrak etxera itzuli ahal izan zuen Lanzaroteko aireportuan hilabete bat baino gehiago gose-greban izan ostean. Marokoko Gobernuak pasaportea ukatu eta Kanarietara bidali zuelako protesta egite aldera egon zen gose greban.

Madrilen egoitza duen Amnistia Internazionalaren ordezkaritzak ohar batean jakitera eman duenez, Haidar "etengabeko zaintzapean dago" Aaiunera itzuli zenetik. Poliziak eta segurtasun indarrak "gau eta egun daude etxe ondoan", eta zenbaiti ukatu egin diete Haidarri bisita egitea.

"Jazarri egiten dute etxetik ateratzen den guztietan. Kanporatu egiten dituzte Haidarren jarraitzaileak eta kazetari atzerritarrak. Mendebaldeko Saharako eta Marokoko beste inguru batzuetako senideei, lagunei eta jarraitzaileei ere eraso egin diete bisitan zihoazenean", AIren arabera.

Giza eskubideen aldeko erakundeak jakitera eman duenez, Haidar "gaizki dago osasunez, anemia du eta ultzera sabelean. Oso mantso ari da suspertzen gose grebak eragin zizkion ondorioetatik".

Hori dela eta, Amnistia Internazionalak Aparteko Ekintzen Sareko dozenaka mila kide mobilizatu ditu lehen ministroari eta Barne ministroari eskutitzak bidal diezazkioten jazarpena salatuz.