Gizartea
Euskadiren standa Fiturren
Euskadik turismo marka berria estreinatuko du Fiturren
Erredakzioa
Urtero bezala, aurten ere Euskadik parte hartuko du Espainiako turismo-azokarik garrantzitsuenean, eta ia 1.000 metro karratuko stand bat izango du hurbiltasuneko turismoa sustatzeko.
Eusko Jaurlaritzak ia 1.000 metro karratuko standa aurkeztuko du bihar Fiturren, Espainiako turismo-azokarik garrantzitsuenean. Sei ataletan banatuta dago eta hurbiltasuneko turismoa sustatzea nahi du.
Urtero bezala, aurten ere Euskadik parte hartuko du Espainiako turismo-azokarik garrantzitsuenean, urtarrilaren 20tik 24ra bitartean, eta gainera, 30. edizio honetan, turismo-marka estreinatuko du. Irudi berri bat izango da, turismo-marketinaren estrategia berriaren arabera diseinatua. Patxi Lopez lehendakariak marka berriaren aurrerapena aurkeztuko du, Fitur inauguratuko den egunean, Madrilen egingo den ekitaldi handi baten esparruan.
2010eko turismo-sustapeneko egutegiko lehen azoka horretan, Eusko Jaurlaritzak 966 metro karratuko stand bat aurkeztuko du; aurten ere, hirugarren urtez jarraian, Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziak kudeatuko du, eta Ifemako 9. pabiloian kokatuko da. Gune berezi berria izango da, turismo-marka ez ezik, helmugako azpimarka guztien -Bilbo, Donostia, Berdea, Euskal Kostaldea eta Arabako Errioxa- alderdirik erakargarrienak erakutsiko dituena.
Bilboko Supperestudio enpresak diseinatu du standa, eta oso ikusgarria, erakargarria eta berritzailea dela esan dezakegu. Gune irekia da, eta sartzeko erraza; hala, bisitaria erraz asko mugi daiteke azpimarka guztietako mostradoreetatik barrena, eta ibilbide moduko bat egin dezake Euskadin zehar, maleta eskura gainera. Izan ere, bidaia-maleta da standaren elementurik nagusia eta originalena, gune desberdinak -mostradoreak, atsedenguneak, hormak- konfiguratzeko baliagarri dena; maleta irekiak dira, bideoak erakusteko edo euskaldunen kultura, nortasuna, geografia, artea, gastronomia, natura eta izaera erakusteko aproposak.
Maletak kolore desberdinekoak dira, ordezkatzen duten azpimarkaren arabera: gorria Bilborentzat, urdin argia Donostiarentzat, horia Gasteizentzat, granatea Arabako Errioxarentzat, berdea Berdearentzat eta urdin iluna Euskal Kostaldearentzat. Eta Euskadiren mostradore orokorrak kolore horiek guztiak biltzen ditu.
Standean egongo dira, batetik, Eusko Jaurlaritza, helmugaren alderdi orokorrei buruzko informazioa emango duena, eta, bestetik, hiru hiriburuetako, Foru Aldundietako, Udaletako eta eskualdeko turismo-erakundeetako ordezkariak, aipatutako turismo-marken artean bakoitzak bere eskaintza sustatzeko asmoarekin.