Politika
SITEL
Datuen Babeserako Agentziak telefono deien grabaketa defendatu du
Erredakzioa
AEPDren ustez, Telekomunikazioen Intertzeptazio Sistemak (SITEL) segurtasuna bermatzen du eta epaile batek agindu behar du bere erabilera.
Espainiako Datuen Babeserako Agentziak (AEPD) Telekomunikazioen Intertzeptazio Sistemaren (SITEL) erabilera defendatu du, segurtasun neurriak bermatzen dituela uste duelako eta Poliziak edo Guardia Zibilak erabiltzeko epaile baten agindua behar delako.
AEPDren arabera, Segurtasun Indarrek "ezin dute SITELean informazioa sartu, operadoreak epailearen baimena aztertu eta ontzat eman behar" duelako.
PPk sistema Konstituzioaren kontrakoa dela salatu du, pertsonen intimitate eskubidea urratzen duelako.
Barne ministeriotik SITEL Mariano Rajoy oraingo PPko liderrak kontratatu zuela gogoratu dute, Jose Maria Aznar presidente zenean. Sistema hori aurrekoa baino "berme handiagoa" duela adierazi dute ere, eta bere erabilera Konstituzioaren mugen barne dagoela gehitu dute.
Rubalcabaren ustez, kritika horiek Gürtel auziaren inguruko auzia bertan behera uzteko egin dituzte, ikerketan sistema hori erabili baitzuten.