Itxi

Mundua

Erreplika

Sei graduko beste lurrikara batek eraikinak bota ditu Haitin

Erredakzioa

Port-aur-Prince hiriburutik 56 kilometro ipar-mendebaldera jazo da. Oraingoz ez dago argi biktimarik izan den, baina kalte materialak izan direla baieztatu du Efe agentziak.

Beste lurrikara indartsu bat jazo da gaur eguerdian Haitin, AEBetako institutu geologikoak informatu duenez. Nolanahi ere, oraingoz ez dago argi biktimarik izan den, ezta kalte materialak egin dituen ere.

Hain zuzen ere, mugimendu sismikoa 6 gradukoa izan da Richter eskalan, eta Port-au-Prince hiriburutik 56 kilometro ipar-mendebaldera eta Jacmel herritik 42 kilometro ipar-ekialdera jazo da, 12:03an (Euskadiko ordua).

EFEk Haitin dituen kazetarien arabera, lurrikara honen ondorioz jada kalteak zituzten hainbat eraikin eraitsi dira.

Haitiko Gobernuaren datuen arabera, joan den asteko lurrikararen ondorioz 75.000 pertsona hil dira eta 1.000.000 etxe barik geratu dira.

AEBek bere gain hartu dute Haitiko kontrola

Bestalde, AEBek ehunka soldadu bidali dituzte astearte honetan Port-au-Prince Haitiko hiriburura, laguntza humanitarioaren banaketa puntuetan eta ospitaleetan segurtasuna bermatzeko helburuz. Orotara 11.000 militar dituzte jada herrialde hartan.

Daniel Allyn jeneralak azaldu du NBEko indarrak gainez dauden toki garrantzitsuenetan arituko direla.

Dena dela, AEBek zehaztu dute ez dituztela patruila lanak egingo kaleetan, indarkeria kasuei aurre egiteko NBEko ''kasko urdinak'' eta Haitiko Polizia nahikoak direla uste baitute.

Atzo AEBetako lehen marineak ere iritsi ziren Haitira.

Bere aldetik, NBEk 3.500 ''kasko urdin'' gehiago bidaliko ditu hurrengo egunetan. Horrenbestez, herrialde hartan Nazio Batuek duten soldadu kopurua 12.651ekoa izango da. Lurrikara jazo baino lehen 9.000 zeuden.

Laguntzaren banaketak hobera egin du, baina ez da nahikoa oraindik

Bien bitartean, badirudi laguntza humanitarioaren banaketa sistema hobetu egin dela azken egunetako egoerarekin alderatuta. Hala eta guztiz ere, koordinazio falta arazo nagusietako bat dela oraindik salatu du Osasunaren Mundu Erakundeak (OME).

Hain zuzen ere, herrialdeen arteko koordinazio ezaren ondorioz aireportuan laguntza pilatzen ari dela ohartarazi du.

"Koordinazioa hobetu behar dugu. Hori da erronka. Jakin badakigu tentsioak izan direla herrialde batzuen artean", esan du Jon Andrus Osasunaren Paramenikar Erakundearen (OPS) zuzendariordeak prentsaurrekoan.

Andrusek azaldu du askok laguntza aireportuan utzi baino ez dutela egiten, hau da, ez dute kudeaketarik egiten materialak banatu edo biltegiratzeko.

Nolanahi ere, azken egunetako egoerarekin alderatuta aireportuaren egoera hobetu egin dela aitortu du, laguntza ospitaletara heltzen hasi baita.

Gainera, GKE batzuk aireportura joaten ari dira, laguntza euren kabuz hartzeko.

Dena den, Medicos Sin Fronterasek salatu duenez, Port-au-Princen lur hartu behar zuen hegazkinari hirutan lurreratzea debekatu diote, eta ondorioz, berarekin zeramatzan 12 tona botikak ez dira heldu. Gainera, Loris Filipi Medicos Sin Fronteraseko larrialdietarako koordinatzaileak Choscaleko ospitalean gaitzetsi duenez, "premiazko kirurgia eta dialisia behar duten gaixoak hiltzen dira botiken atzerapen hori dela eta".