Itxi

Gizartea

Martuteneko espetxean

Tolosako hilketagatik atxilotutako lagun bat espetxera bidali dute

Erredakzioa

Ikerketako hirugarren egunean Elena Calen bikotekidea aske utzi du Ertzaintzak eta beste atxilotua Tolosako epaitegiaren esku geratu da, eta epaitegiak kartzelara bidali du.

Elena Calen hilketagatik atxilotutako bi lagunetatik bat espetxera bidali dute gaur. Bitartean, bestea, biktimaren bikotekidea, aske geratu da, Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez. Hilketa iragan igandean gertatu zen Tolosan (Gipuzkoa).

Igande arratsaldean jazo ziren gertakariak, biktimaren bikotekideak Ertzaintzari telefonoz abisua eman zionean. Emakumea larri zaurituta zegoela esan zion gizonak Ertzaintzari. Bikotekidea Elena Calekin bizi zen Tolosako txabola batean.

Emakumeak zauri larria zuen lepoan eta medikuek artatu zuten bihotza eta arnasa geldituta zituenean. Nahiz eta suspertu eta Donostiako Ospitalera eraman, Elena Cal hil egin zen.

Biktimaren 45 urteko bikotekidea eta El portugues ezizeneko 49 urteko beste lagun bat atxilotu zituen Ertzaintzak. Bikotearekin lo egiten zuen azken horrek, Tolosako geltokitik gertu dagoen txabola batean.

Hasieratik El portugues hilketaren egilea zela esan zuen biktimaren bikotekideak, baina Ertzaintzak bera ere atxilotu zuen bere kontaketak zituen kontraesanengatik.

Ikerketako hirugarren egunean Elena Calen bikotekidea aske utzi du Ertzaintzak eta beste atxilotua Tolosako epaitegiaren esku geratu da. Epaitegiak espetxera bidali du.