Gizartea
Gertakari larriak
Gizon bat hil da tiroketa batean, Madrilen
Erredakzioa
Beste gizonezko bat larri zauritu da. Bestalde, 24 urteko ekuadortar bat sastakaiz hil dute Valentziako Santa Rita kalean, eztabaida bat izan eta gero.
Gizon bat hil eta beste bat larri zauritu da tiroketa batean, Madrileko Francisco de las Cabezas Glorietan, Puerta de Madrid Hotelaren alboan, hiriburuko ekialdean (San Blaseko barrutian), Madrileko larrialdi zerbitzuek eta Poliziak jakitera eman dutenez.
Gertakaria 20:00ak aldera jazo da. Zenbait lagun glorietara heldu dira, auto baten barruan ziren beste batzuei tiro egin diete (hildakoari eta zaurituari) eta ihes egin dute, Poliziak azaldu duenez.
Dimitrio N. 35 urteko biktima albaniarra zen eta autoaren barruan aurkitu dute larrialdi zerbitzuek, bi zauri larri zituela. Eskuineko hemitoraxean bi tiro eta bihotza eta arnasa geldituta zituen.
Larrialdi zerbitzuak suspertzen saiatu dira 30 minutuz, baina ez dute lortu eta hil egin da.
Domart K. beste gizona autotik atera da eta lau tiro zituen gorputzean, bi sorbaldan, bat ezkerreko besoan eta beste bat masailezurrean.
Larrialdi zerbitzuek egonkortu egin dute eta La Pazeko Ospitalera eraman dute larri, baina hiltzeko arriskurik ez duela uste dute.
Valentzian beste hildako bat
24 urteko gazte ekuadortar bat sastakaiz hil dute arratsaldean, eztabaida bat izan ostean, Valentziako Santa Rita kalean. Gertakariaren arrazoiak argitzeke daude, baina Polizia Nazionalak bost lagun atxilotu ditu kasuan inplikatuta daudelakoan.