Itxi

Politika

Toledoko Biltzarra

AEB: "Erabateko segurtasuna aireportuetan ezinezkoa izango da"

Erredakzioa

Hala adierazi du Janet Napolitano AEBetako segurtasun idazkariak, Europar Batasuneko Justizia eta Barne ministroekin Toledon bilduta egon eta gero.

Herrialdeen arteko elkarlana ezinbestekoa dela berretsi du Janet Napolitano AEBetako segurtasun idazkariak, aireportuetako eta hegazkinetako segurtasun-neurriak hobetzeko eta atentatuak ekiditeko bidean. Nolanahi ere, Napolitanok onartu du ezinezkoa izango dela erabateko segurtasuna bermatzea.

Napolitano Toledon izan da atzotik, Europar Batasuneko Barne eta Justizia ministroek egindako bileran parte hartzeko. Batzarren gai nagusia aireportuetako segurtasuna izan da, joan den abenduaren 25ean Amsterdam-Detroit ibilbidea egiten ari zen hegazkinean atentatu saiakera bat izan zela kontuan hartuta.

Napolitanoren iritzian, herrialde guztiek hartu behar dituzte segurtasun-neurriak eta informazioa elkar banatu behar dute. Hori bai, herrialde bakoitzak bere neurri propioak hartzearen alde agertu da, hau da, herrialde guztiek neurri berberak zertan hartu ez dituztela esan du.

Gainera, neurri berdinak hartuz gero, terroristek errazago ezagutzeko eta, ondorioz, ekiditeko aukera izango luketela erantsi du.

Europar Batasuneko ministroen arteko adostasun zabala ikusi duela eta pozik agertu da. Aireportuetan ez ezik, segurtasun-neurriak hegazkinetan ere hartu behar direla nabarmendu du.

Gorputz eskanerrei dagokionez, Napolitanok esan du ez dutela gai horretaz hitz egin, baina dagoeneko herrialde batzuk aireportuetan eskaner horiek ezartzeko lanean ari direla jakitera eman du, tartean AEBak edo Erresuma Batua daude.