Reala
Elx hartuko dute igandean
Lasarte (Reala): "Prietok utzitako hutsuneari aurre egingo diogu"
Ander Altuna
Zubieta
Donostiarraren lesioa dela eta, jokalari multzoak duen garrantzia aldarrikatu du. Labakak ere ez du jokatzerik izango, bai ordea Emilio Nsuek.
Xabi Prietok utzitako hutsuneaz galdegin zaio, batez ere, entrenatzaileari bere asteroko prentsa agerraldian. Ezker orkatilean bihurritua izan zuen atzo donostiarrak eta bost bat astez ezin izango du jokatu. Ordezkaezina denez, ezinegona nabaria zen aretoan, baina Lasarterentzat, Realaren jardunbideak taldeko lanean datza. Garbi nabarmendu nahi izan du hori. "Baja guztiak dira garrantzitsuak. Traba handia izan zen Carlos Martinezen lesioa eta hura gainditu genuen. Estradarenari ere aurre egin diogu eta Prietorekin beste horrenbeste gertatzen da. Talde bat gara eta buruz burukoa. Bakoitzak bere egitekoa du, nahiz batzuk besteek baino pisu gehiago izan. Guztiaren gainetik multzoa dago".
Elxen kontra Prieto gabe galduz gero, urduritasun egoera piztuko ote den galdetu zaio jarraian. Erantzuna argigarria izan da. "A zer nolako txikikeria. Edozein kasutan gal dezakezu. Funtsezko jokalaria izanagatik ere ez da ezerren amaiera". Horrek guztiak, Zaragozako Songo''oren fitxaketa bizkortu dezake, baina uruguaitarraren ustez ez luke zertan hala izan behar. Kamerundarra utzita iritsiko litzatekeen eta horri buruz hitz egiteko Aragoiko hiriburuan da Jokin Aperribai presidentea. Sasoi amaieran, erdilaria erosteko aukera bermatu nahi du eta horretan datza negoziazioak.
Beste alde batetik, orain arte egindakoak aho gusto gozoa utzi diola baieztatu du, baina etxetik kanpoko itxurarekin ez dator bat. "Hasi aurretik sinatuko nukeen. Une onak eta oso onak izan arren, etxetik kanpo gorabeherak ditugu. Lasaiegi irten ginen zelaira aurrekoan eta erabakitzeko modua izan bagenuen ere ez ginen gai izan. Errazegi oparitu genuen baloia".
Gol gehien sartu duen taldea da Elx, 33, eta hori azpimarratu du gaineratuz, "futbolista interesgarriak dituela oso". Entrenamenduari dagokionez, Nsue normaltasunez aritu da eta Prietoren tokia bete lezake. Labakak ezinean jarraitzen du eta harmailetatik ikusi beharko du lehia. Hori dela eta, Gonzalezek erdirako bidea egingo du eta De la Bellarentzat izango da ezker hegala.