Athletic Club
Poca efectividad
Athletic: Zorte txarra edo kalitate falta?
Haritz Gallastegi
Erredakzioa
Athleticek aukera on asko hutsegin zituen Riazorrren eta ordaindu egin zuen.
Espainiako Ligan aprobetxatu egin behar dira aukerak. Bestela, garesti ordaintzeko arriskua dago. Aurrez jakinekoa zena bere larrutan ezagutu zuen Caparrosen taldeak Riazorren. Ezohiko neurketa izan zen. Izan ere, lehen minututik zuri-gorriena izan zen jokoaren ekimena. Arraroa izan zen, ez baita ahaztu behar Athletic dela Lehen Mailan baloiaren jabetza gutxien duen taldea. Hala ere, mendean hartu zuen Deportivo eta baloia izateaz gain arriskua sortzeko aukera izan zuen. Aukera asko izan zituen, gainera. Baina ez zituen asmatu. Ondorioz, aurkari zuzen bat mendean hartu eta Europako postuetan sartzeko aukera paregabea galdu zuen talde zuri-gorriak.
Era guztietako aukerak izan zituen lehen zatian. Ohikoa den legez, estrategia jokaldietan indar handia erakutsi zuen. Baina baloia jokoan zegoenean ere egin zuen arriskua. Azken errematea falta izan zen, ordea. Jakinekoa da Athleticen ez dagoela gol sena duen jokalaririk. Horregatik fitxatu zuten Iñigo Diaz Zerio, besteak beste. Atzo agerian geratu zen Llorente, Toquero eta enparauak ez direla jokalari goleatzaileak. Era guztietako aukerak izan arren ez zuten asmatzen jakin: ez burarekin, ez ezker oinarekin, ez eskuinarekin… ezinezkoa zirudien Athleticek Aranzubiaren atea zulatzea. Eta lortu zuenean epailea izan zorigaiztoko protagonista. Athleticek ez zuen aukera aprobetxatu eta ordaindu egin zuen. Espainiako Ligan hori gertatzen zaio barkatzen duenari.