Ekonomia
Kongresua
Corbachok dio langabezia iaz baino gutxiago haziko dela urtarrilean
Erredakzioa
Espainiako Lan ministroak uste du krisiaren aurreko urteetan ematen zen igoeraren antzekoa izango dela. Gainera, Estatuko ekonomia "lanpostuen suntsipenaren azken aldian" omen dago.
Celestino Corbacho Espainiako Lan eta Immigrazio ministroak iragarri du langabeziak gora egingo duela urtarrilean, baina 2007an (60.000) eta 2008an (132.000) izan ziren gorakadarekin izango omen du antza handiagoa 2009koarekin (200.000) baino.
"Eskuartean ditugun datuen arabera, ekonomiak gora egiten zuenean ere urtarrilean langabezia hazi egiten zen, beraz, 2010ean ez da joera aldatuko, nahiz eta 2007-2008 urteetan izan zenaren antza handiagoa izango duela uste dugun, 2009an ikaragarria izan zen eta", adierazi du Corbachok Kongresura iritsi denean. Lan merkatuari eta elkarrizketa sozialari buruzko aurreikuspenak emateko egin du agerraldia ministroak.
Ministroak adierazi duenez, urtarriletik aurrera, langabeziak "krisiaren aurreko" joera hartuko du eta, lanpostuen galera aldia amaitu dela esaterik ez badago ere, Estatuko ekonomia "lanpostuak suntsitzeari utziko dion azken aldian" dagoela onartu du.
Krisiaren erdigunea
Corbachok, Kongresuan hitz egin baino lehenago Ser irrati-kateari eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, 2009a "ekonomia krisiaren erdigunea" izan zen, eta horrek ondorio "latzak" eragin ditu enpleguan.
"2009a lanpostu galera handiarekin hasi zen, baina arintzen joan zen gero. 2010etik aurrera, langabeziaren hazkundea lasaitu egingo da eta ekainera arte emango den hazkundea krisiaren aurretik zegoenaren antzekoa izango da", azaldu du Corbachok.
Dena dela, Corbachok argi adierazi du krisitik aterata ere, enpleguak denbora gehiago beharko duela suspertzeko. "Denok jakin behar dugu bi urte eta erdiko krisia jasan badugu, ateratzea ez dela azkarragoa izango enpleguaren ikuspuntutik", azpimarratu du.