Gizartea
Hondakin nuklerrak
Montillak ez du Ascon hilerri nuklearrik nahi
Erredakzioa
Generalitateko presidenteak autonomia erkidegoen arteko "elkartasuna" eskatu du eta nahi duten udaletxeek abiatu dezaketen Estatuaren proiektua dela gogorarazi du.
Jose Montilla Kataluniako Generalitateko presidentea Ascok (Tarragona) hilerri nuklear bat hartzeko hautagaitzaren aurka azaldu da. "Nik ez dut Ascoko biltegi nuklearra nahi" adierazi du. Izan ere, Katalunian "Espainia osoan ekoizten den energia nuklearraren % 40 baino gehiago sortzen da".
Antena 3 Televisioni eskainitako adierazpenetan, energia nuklearraren aurka ez dagoela azpimarratu du Montillak eta lurraldeen arteko "elkartasuna" eskatu du. Horrela, Aldi Baterako Biltegi Zentralizatzailea (ABBZ) beste autonomia erkidego batean kokatzea defendatu du. Zentzu horretan, "baditugu instalazioak, eta energia kontsumitzaileak diren lurraldeak, baina tankera honetako instalazioak ez dituztenek horiek hartzea komenigarria" dela baieztatu du.
Montillak ez du zalantzan jartzen Espainiak ABBZrik behar duenik, izan ere, egun hondakin nuklearrak zentral bakoitzean biltegiratuta daude. Halaber, hilerria nahi duten udaletxeek lortu dezaketen Estatu proiektua dela azpimarratu du. Horrenbestez, autonomia erkidegoen erabakia aintzat hartzeko eskatu dio Gobernuari.