Itxi

Osasuna

Errege Kopa

Monreal (Osasuna): "Ea finaleraino iritsi eta irabazteko gai garen"

Asier Legarda

Taxoare

Kopan zerbait polita lor dezaketela sinetsita da Osasunako atzelari internazionala.

Natxo Monreal pozik zegoen gaur. Denbora asko zeraman golik egin gabe, baina igandean Xerezen berak egin zuen Osasunaren lehendabiziko gola, eta hiru puntuak lortu ostean Monreal pozik zegoen: "Taldea orokorrean pozik dago, 23 puntu ditugu, egoera nahiko lasaian gaude sailkapenean eta gainera Kopako finalerdietarako sailkatzeko borrokatu behar dugu. Pertsonalki, gola egin nuelako ere oso pozik nago. Beste aukera on bat ere izan nuen, baina bi gol egitea gehiegizkoa izango litzateke. Hori bai hurrengo gola lortzeko beste bi urte igarotzerik ez nuke nahi", esan du Monrealek, 2008ko otsailaren 17an Levanteren zelaian lortu golaz gerotik besterik sartu gabe zela gogoratuz.

Ezker hegaleko atzelari gorritxoak Kopan jarri nahi du arreta orain, dena dela: "Denboraldiaren amaieran benetan garrantzitsua izango den gauza bakarra beste urtebetez Lehen Mailan jarraitu ahal izatea da, baina Kopako finalerdietarako sailkatzea ere oso garrantzitsua da eta une honetan hori da garrantzitsuena. Etxean jokatzen dugu, zaleen babesa izango dugu, zerbait polita lor dezakegu eta arreta guztia Kopan jarri behar da orain”, esan du Monrealek Racingen aurka jokatu beharreko final laurdenetako itzulerako partidaren atarian. "Ea finaleraino iritsi eta irabazteko gai garen, baina orain kanporaketa hau gainditzeko egin beharreko guztia egin behar dugu", esan du.