Mundua
Tragedia Haitin
5 urte baino gehiago behar izango dituzte Haiti berreraikitzeko
Erredakzioa
Haitin erakunde demokratikoak indartzen, garapen ekonomiko eta sozial jasangarria eta egonkortasuna bultzatzen dituen berreraikitzea egiteko konpromisoa hartu du nazioarteak, Montrealen (Kanada).
Jean Max Bellerive Haitiko lehen ministroaren hitzetan, 5 eta 10 urte bitartean erabiliko dituzte herrialdea berreraikitzeko. Plan horrek Haití garapen bidean jarri beharko duela gaineratu du Belleriveki, Kanadako Montreal-en egiten ari diren Goi Bileran.
Laguntza epe luzean behar izango dutela gaineratu du. "Haitiko jendeak gehiago, gehiago eta gehiago behar du herrialdea berreraikitzeko", esan du.
Nazioarteko herrialdeek eta taldeek orain arte emandako laguntza eskertu du eta herrialdea berreraikitzeak Haiti garapen bidean jartzeko balio beharko lukeela esan du.
Montrealeko Adierazpena
Haitin erakunde demokratikoak indartzen, garapen ekonomiko eta sozial jasangarria eta egonkortasuna bultzatzen dituen berreraikitzea egiteko konpromisoa hartu du gaur nazioarteak.
Montrealeko (Kanada) Adierazpenean, hiru helburu horiek lortzeko herrialdeko subiranotasuna errespetatuko dutela esan dute ordezkaritzek, eta esfortzuak koordinatu, gutxienez 10 urtez konpromisoa mantendu, gardentasunez ekin eta eraginkorrak izango direla adierazi dute.
Agirian, Kanadako hiriburuan bildu diren Estatuek eta erakundeek Haitiko Gobernuaren "buruzagitza" eta "burujabetasuna" onartu dute, eta estrategia bateratu, koherente eta integral bat erabiltzeko konpromisoa hartu dute, Haitiren beharrizanak asetzeko.
"Denak batera, Haiti berri bat eraikitzeko prest gaude, haitiarren nahi legitimoak betetzeko", esaten du testuak.
Jendarmeak Haitira
Bestalde, 300 bat jendarme bidaliko ditu Europar Batasunak Haitira, Nazio Batuek bidalitako taldeen lana indartzeko helburuarekin. Urtarrilaren 12an lurrikara indartsu batek Haiti suntsitu egin zuen.
Polizia militarra daukaten herriek bidaliko dituzte agenteak. Espainiako Guardia Zibila, Frantziako jendarmeak edota Italiako karabineroak joango dira Haitira, besteak beste. Orotara 300 bat pertsona bidaliko ditu Europak.
Italiak 100-150 polizia bidaliko ditu Nazio Batuei laguntzea, Frantziak 100 bat agente, Holandak 50 eta Espainiak 20 eta 40 artean.
Nazio Batuen menpean izango dira Europatik etorriko diren polizia horiek. Sei bat hilabete egongo dira Haitin.
Kanadako Kanpoko Arazoetako ministroak adierazi duenez, bileraren helburua Haiti berreraikitzeko plan bat koordinatzea da.
"Orain behar duguna guztion artean eratutako plan bat da, haitiarren beharrizanei erantzuteko", adierazi du ministroak. Hainbat herrialdek AEBek laguntza humanitarioa nola kudeatu duen kritikatu dute.
Koalizio Humanitarioa deituriko Gobernuz Kanpoko Erakunde talde batek bileran Haitiren kanpo-zorra barkatzea adostea eskatu du, 890 milioi dolar inguru.
Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariaren ustez, Haitik "Marshall Plan baten beharra du", Bigarren Munduko Gerran Europan egin zutena bezalako.
120.000 lagun hil egin dira lurrikararen ondorioz eta Haitiko agintarien ustez zifra hori 150.000raino igo daiteke.