Politika
Dekretua
Ertzainen erretiro adina 60 urteetara aurreratu du Jaurlaritzak
Erredakzioa
Dokumentu horretan Negoziazio Mahai Orokorraren akordioak ere gehitzen dira, tartean eginbeharretarako hiru egun izatea.
Eusko Jaurlaritzak ertzainen erretiro aurreratua finkatzen duen Dekretua onartu du gaur eguerdian. Dokumentu horretan Negoziazio Mahai Orokorraren akordioak ere gehitzen dira, tartean eginbeharretarako hiru egun izatea.
Agenteen erretirorako adina 60 urtetara aurreratzeak ekarritako aldaketak eta Negoziazio Mahai Orokorreko Akordioan adostutako akordioak jasotzen dira Dekretu horretan.
Dekretua Ertzaintzaren baldintzen erregulazioa eguneratzeko beharraren ondorioz etorri dela esan du gaur Jaurlaritzak.
Herrizaingo Sailaren eta Ertzaintzaren sindikatuen arteko negoziazio prozesua akordiorik gabe amaitu ostean, "beharrezkoa izan da aipatutako baldintzak arautzen dituen esparru legala eguneratzea".
Gaur onartu duten Dekretuak, beraz, datozen bi urteotako ordainsarien kopurua edota lizentzia eta baimen erregimenean onartutako aldaketak gehitzen ditu lan baldintzen erregulaziora.
Halaber, norbere eginbeharretarako baimen espezifikoak izateko eskubidea sartzen du agenteen lan-erregimenean. Eskubide hau Jaurlaritzako funtzionario guztiei zabaldu zieten duela gutxi, eta Ertzaintzaren kasuan, hiru egunekoa da 2010. urterako.