Itxi

Ekonomia

Salmenta

Saab Spyker enpresari salduko diola baieztatu du GM konpainiak

Erredakzioa

AEBetako konpainiak 74 milioi dolar jasoko ditu Spyker enpresaren eskutik eta 326 milioi dolar akzioetan mantenduko ditu Saab Spyker Automobiles konpainia berrian.

Saab enpresa suediarra Holandako Spyker luxuzko autoen konpainiari salduko diola baieztatu du gaur General Motors (GM) AEBetako auto fabrikatzaile erraldoiak, milioi askoko operazioan.

John Smith GMko presidenteordeak jakinarazi duenez, AEBetako konpainiak 74 milioi dolar jasoko ditu Spyker enpresaren eskutik eta 326 milioi dolar akzioetan mantenduko ditu Saab Spyker Automobiles konpainia berrian.

Akordioan hirugarren ordain bat zegoela onartu du Smithek, baina prentsaurrekoan ez du zehaztu nahi izan.

Suediako Gobernuaren bermea

GMk auto horien produkzio lerroa deuseztea erabaki eta urte batera heldu da operazioa. Suediako Gobernuak 564 milioi dolarreko maileguari abal eman eta gero izan da posible. Mailegua Europako Inbertsio Bankuak eman zuen konpainia berria osatzeko.

Akordioak Saab eta GMko bezeroei eragingo ez diela ziurtatu du Smithek, izan ere, mantentze-lanak egiten jarraituko du autoetan eta bermea mantenduko du aldaketa gauzatzen den bitartean.

AEBetako erraldoiarentzako lasaigarri bat da operazioa, izan ere, 2009an behea jo zuen eta berrantolaketa sakona egitera behartuta ikusi zen. Horrela, Saturn, Hummer edo Opeleko Europako zatia salgai jarri zituen, baina operazioak ezerezean gelditu ziren.