Itxi

Politika

Elkarrizketa Radio Euskadin

Sanz: "ETB Nafarroan ikusteko ez dugu eragozpenik jarriko"

Erredakzioa

Miguel Sanzek esan duenez, bere Gobernuak "erraztasunak" jarriko ditu ETBren seinalea Nafarroan jasotzeko, baina zerbitzu hori Jaurlaritzak ordaindu behar duela berretsi du.

Miguel Sanz Nafarroako presidenteak adierazi du "erraztasunak" emango dituela ETB Nafarroan ikusten jarraitu ahal izateko, baina zerbitzu hori ordaintzea Eusko Jaurlaritzaren ardura dela nabarmendu du.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Sanzek azaldu du negoziazioetan ari direla Euskal Telebista Nafarroan ikus dadin. Eusko Jaurlaritza berriari dioten "errespetuagatik", "erraztasunak" jarriko dituztela esan du.

"ETB Nafarroan ikusteko ez dugu inolako eragozpenik jarriko, are gutxiago orain bi gobernuen artean errespetu instituzionala existitzen dela; arazoa nork ordaindu behar duen datza eta ordaintzailea jabea izan behar dela pentsatzen dugu", erantsi du.