Politika
Agerraldia
Batasunarekin akordioa sinatu dutela ukatu egin du Urizarrek (EA)
Erredakzioa
Ustezko akordio horren inguruko albisteak zabaldu dituzten hedabideen aurka epaitegietan salaketak aurkezteko aukera ere aztertuko dute.
Pello Urizar Eusko Alkartasunako presidenteak ukatu egin du Batasuna eta EAren artean hauteskunde zerrenda bateratuak aurkezteko akordioa sinatu dutenik, datorren urteko hauteskundeei begira.
Hedabideen galderak erantzun ditu gaur goizean Urizarrek, kazetariz beteriko agerraldian.
Bere hitzetan, ustezko akordio horren inguruko albisteak zabaldu dituzten hedabideen aurka epaitegietan salaketak aurkezteko aukera ere aztertuko dute.
Horrelako albisteak zabaldu dituztenek abertzaleen "gehiengo plural" baten bateratzearen aurrean daukaten "beldurragatik" egin dutela nabarmendu du.
Hori bai, Urizarrek berretsi du subirotasunaren aldeko indarrak batzearen alde lanean jarraituko dutela.
"Bateratze hori lortzen badugu, Euskal Herriak bizi duen gatazka konpontzeko aurrerapausu garrantzitsua emango dugu".