Politika
Polemika atxiloketetn ostean
ETAren kontrako borroka polemikarako ez erabiltzea eskatu du Aresek
Erredakzioa
Herrizaingo sailburuaren aburuz, "alderdi demokratiko guztiak zerbaitetan elkartuta egon behar bagara, terrorismoaren kontrako borrokan da".
ETAren aurkako borroka "polemikarako eta liskarrerako" ez dezatela erabili eskatu die Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak alderdi politikoei. ETAren kontra "guztiak batuta" egon behar direla esan du eta atxiloketen ostean sortutako polemikak Patxi Lopez lehendakariaren eta Iñigo Urkulluren arteko bilera ezin dezakeela "ilundu" azpimarratu du.
Hala adierazi dio ETBri, ETAren kontrako Ertzaintzaren operazioaren ondotik Jose Antonio Pastorrek egindako adierazpenek hautsak harrotu ostean.
Pastorrek zalantzan jarri zuen EAJk agintzen zuen garaian ETAren aurka egindako lana. Iñigo Urkulluk publikoki adierazpen horiek zuzentzeko eskatu zuen, EAJ lehendakariarekin biltzea nahi bazuten.
Gauzak horrela, Aresek nabarmendu duenez, "alderdi demokratiko guztiak zerbaitetan elkartuta egon behar bagara, terrorismoaren kontrako borrokan da". Ildo horretan, eta batasun hori lortzeko, bere esku dagoen guztia egingo duela esan du.
Atzoko atxiloketak Ertzaintzak egin izana "berri ona" dela berretsi du eta ertzainek egindako "lana eta esfortzua" goraipatu ditu.