Itxi

Reala

Aperribairen aurrenekoa

Reala: Akziodunen Batzar lasaia espero da

Erredakzioa

Azken bi urteetako kontuak eta aurrekontuaren onarpena jardunaldiko gaiak izango dira, orain urtebetekoa baino lasaiagoa aurreikusten den Batzarrean.

Realeko presidenteak, Jokin Aperribaik, gaur bere agintaldiko lehenengo Akziodunen Batzar Orokorra izango du, azken bi urteetako konutak eta aurrekontua onartzeko, iazkoa baino askoz lasaiagoa espero den Batzarrean.

Zatiketak eta klubak izan dituen arazoek aurrekontuak onartzea galarazi zuten aurreko bi Batzarretan. Konkurtso-administrazioak egindako informean oinarritutako aldaketak egin ostean, berriz ere 2007/08 eta 2008/09 denboraldietako zenbakiak eztabaidatuko dira.

Denboraldi honetako aurrekontua ere eztabaidatuko da, 16 milioi ingurukoa. Taldearen kirol-ibilbide bikainak jendea lasaitu du. Kritikoak konbentzitzea zaila izango du Aperribaik, baina behintzat baretu egingo dira iazko tentsio-une larriak, presidenteak poliziak babestuta irten behar izan baitzen Anoetatik Iñaki Badiolaren lekua hartu zuen egunean.

Konkurtso-legea berriki utzita iritsiko da Reala Batzar honetara. Zorrak murriztu ditu nabarmen klubak lortutako akordioei esker, baina azken urteetako diru-mugimenduak ere nabarmen murriztu behar izan dira.