Zinema
Jaialdia martxan
Wieland Speck zinegile alemaniarra omendu du Zinegoak jaialdiak
Erredakzioa
Speck zuzendaria alemaniarrak Ohorezko Saria jaso du ostiral honetan izandako emanaldian. Bilboko gay-lesbo-trans zinearen jaialdian otsailaren 6ra bitartean 50 lan baino gehiagok hartuko dute parte.
Ostiral gauean Arriaga Antzokian izandako irekiera ekitaldiak hasiera eman dio Zinegoak jaialdiaren zazpigarren edizioari. Aurtengo jaialdian Wielan Speck Alemaniako zinemagilea omendu nahi izan dute, hori dela eta, Ohorezko Saria eman diote.
Nortasun homosexualean oinarritzen da Wielan Specken obra. Alemanian 1951ean jaioa, dokumentalak egiten aritu zen lehendabizi Speck. Gai homosexuala jorratzen duen alemaniar pelikula onenatzat hartu dute 1985eko "Westler" filma. Nazioarteko zinemaldia desberdinetan hartu du parte eta zinema eskoletan irakasle modura lan egin du. Zinegileak gay-lesbo-trans izaera normalizatzeko egindako lana goraipatu nahi du jaialdiak.
Bilboko gay-lesbo-trans zine jaialdia otsailaren 6ra arte luzatuko da, eta Bilborock aretoan zein Capitol zinema-aretoan izango dira ikusgai lehiaketan parte hartzen duten luzemetraiak, laburmetraiak eta dokumentalak.
Mundu zabaletik heldu dira lanak Bilbora eta askok Bizkaiko hiriburuan egingo dute lehen estreinaldia. Sergio Fabio Ferrariren "L´ultimo giorno d´inverno" lanaren kasuan, mundu mailako estreinaldia izango da Bilboko jaialdikoa.
Berrikuntza gisa, aurtengo edizioan "Txistuaren Show" ikuskizuna izango dugu. Jaialdian zehar eginiko laburmetraien lehiaketa honetan jendeak txistua joz egingo du filmen hautaketa eta finalerako aukeratzen diren lanek 600 euro irabazteko aukera izango dute.
Asteburu honetan zehar, emanaldi anitz izango dira Capitol zinema aretoetan eta Bilborocken. Larunbat arratsaldean, esaterako, Weil Specken "Westler" filma ikusteko aukera izango dugu, Bilborock Aretoan, arratsaldeko 18:00etan.