Osasuna
Igandean, 17:00etan
Camacho (Vila-real-Osasuna): "Hiru puntuak batzeko asmoarekin goaz"
Asier Legarda
Taxoare
Gainkarga baten erruz Aranda deialditik at geratu da eta Masoudek ordezkatu dezake.
Santanderko Racingen aurka Kopan jaso berri duten jipoia lehenbailehen ahaztu nahi dute Osasunako jokalariek, eta El Madrigalen hiru puntuak lortuta Kopako zauria sendatzen ahaleginduko dira nafarrak asteburu honetan.
Aldarte onean daudela ziurtatu du Jose Antonio Camachok, dena dela: "Betiko aldartearekin goaz, hiru puntuak batzeko asmoarekin. Kopa esperientzia polita izan da, baina bukatu da, orain Liga geratzen zaigu eta besterik ez", adierazi du entrenatzaile murtziarrak.
Hamar gizonek osatutako talde batekin egin ditu azken probak Camachok, eta Vila-realen aurkako partidan Nekounam edo Aranda bezalako jokalari garrantzitsuak ez direla ariko dirudi. Nekounamek ordezkoen aulkitik ikusiko du partidaren hasiera, jokoa antolatzeko arduradunak Ruper eta Puñal izango direlako. Aranda, berriz, deialditik at geratu da gainkarga baten erruz eta bere ordez Masoud irandarra ari daiteke aurrelari lanetan.
Osasuna: Ricardo; Azpilikueta, Sergio, Miguel Flaño, Monreal; Puñal, Ruper, Juanfran, Camuñas; Masoud eta Pandiani.