Politika
Eusko Alkartasuna
Urizar: "'Marko' berria ezker abertzalearen eskutik helduko da"
Erredakzioa
PSE-EE eta PP ez dutela aldaketa politiko-juridikoaren beharrik aitortuko onartzea eskatu dio EAJri eta Basagoitiren gutunik ez duela jaso esan du Urizarrek.
Peio Urizar Eusko Alkartasuneko idazkari orokorrak PSE-EE eta PP ez dutela aldaketa politiko-juridikoaren beharrik aitortuko onartzea eskatu dio EAJri, aldaketa hori "ezker abertzalearen batasunarekin bakarrik" eman daitekeelako.
Urizarrek adierazpen hauek egin ditu atzo Iñigo Urkullu EAJko presidenteak Patxi Lopez lehendakariarekin izan zuen bileraren harira. Bileran horretan marko politiko baten beharra "agenda politikoaren barnean" egotea eskatu zuen Urkulluk.
Ustez Basagoitik Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak Batasunaren inguruan eman zuen epaia zeraman gutuna ez duela jaso esan du Urizarrek. "PPk eta PSEk hedabideen bidez egiten dute dena", esan du Urizarrek.
Batasunarekin akordio posible baten aurrean gutunean egiten diren abisuen harira, "PPk ez dio ez giza eskubideen, ezta beste eskubide motaren inguruko leziorik emango nire alderdiari", azpimarratu du Eusko Alkartasuneko kideak.
"EAk betidanik defendatu ditu giza eskubideak, oinarrizkoak direlako, baina beste eskubideak ere defendatzen ditugu, besteak beste herriek aukeratzeko duten eskubidea. PPk soilik eskubide batzuk defendatzen ditu", esan du Urizarrek.