Gizartea
Atzo desagertu zen
Arga ibaira erori zen mutila bilatzeari ekin diote berriro
Erredakzioa
50 pertsona inguru ari dira 26 urteko mutila bilatzen. Bilaketa eremua Landabengo industriagunera zabaldu dute.
Atzo goizaldean Iruñean Arga ibaira erori zen mutila (R.A.G., 26 urtekoa eta Burlatako bizilaguna) bilatzeko lanak berriz abiatu dituzte gaur goizeko lehen orduan, Nafarroako Gobernuak informatu duenez.
Polizia gaztea erori zen ingurua behatzen egon da gau osoan.
Bilaketa lanetan 50 pertsona inguru ari dira, tartean suhiltzaileak, poliziak eta Gurutze Gorriko eta DYAko boluntarioak.
Atzo Nafarroako helikoptero batek ere egin zuen bat lanekin, eta ibaia arakatu zuen gaztea erori zen lekutik Landaben industriagunera.
Bien bitartean, erreskate taldeak bi taldetan banandu ziren atzo, eta urpekariek zubietan eta urtegietan jarri dute arreta batik bat.
Gainera, Nafarroako Larrialdi Agentziak laguntza eskatu dio Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Eugiko urtegitik ur gutxiago atera eta Arga ibaiaren emaria murrizteko helburuz.