Politika
Iritzi artikulua
Ibarretxek euskal nortasuna desegitea leporatu die PSEri eta PPri
Erredakzioa
Lehendakari ohiak uste du "Espainiako kulturaren asimilazio" prozesua abiarazi nahi dutela eta "esnatzeko, gure burua larrialdi egoeran ikusteko premia bagenuen, hementxe dugu".
Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak "normaltasunaren aitzakiapean euskal nortasuna desegiten" saiatzea leporatu die PSE-EEri eta PPri, eta "Espainiako kulturaren asimilazio" prozesua abiarazi nahi dutela salatu du.
Deia egunkariak argitaratu duen iritzi artikulu batean Ibarretxek gogora ekarri duenez, 2005eko otsailaren 1ean Madrilgo Diputatuen Kongresuan Legebiltzarrak onartu zuen Euskal Estatutu Politiko Berria defendatu zuen, eta PSOEk eta PPk "bizkarra eman zioten".
Ibarretxeren esanetan, "Espainiaren eta Euskadiren artean harreman adeitsua izateko, indarkeriaren arazoa amaitzeko eta bakea eraikitzeko aukera galdu genuen", eta bost urteren ondoren, "''aldaketaren gobernuaren normaltasuna'' bizi dugu, hau da, hutsaren hurrengoa besterik ez".
"Bost urte igaro dira, baina arazoek bere horretan jarraitzen dute eta larriago gaude beste bost urte igaro direlako konponbiderik gabe", lehendakari ohiak idatzi duenez. "Normaltasun horren aitzakian, euskal nortasuna desegiteko prozesua abiarazi nahi dute Espainiako kulturaren asimilazioaren bitartez", gaineratu du.
Ibarretxek uste du "Euskadin ''gizartea lokartzeko'' saio bat garatzen" ari direla, izan ere, "Euskadin PSEk eta PPk erakusten duten normaltasuna 2011n aldundietara eta udaletara eramateko arriskua dago".
Ibarretxeren ustez, egoera horrek "alderdi positiboa du", zeren "esnatzeko, gure burua larrialdi egoeran ikusteko premia bagenuen, hementxe dugu".
Estatutu berriaren defentsa
Lehendakari ohiak duela bost urte defendatu zuen Euskal Estatutu Politiko Berriak egun duen indarra eta "XXI. mendean etorkizuna eraikitzeko dugun tresna politiko eta juridiko moderno eta berritzaileena izaten jarraitzen" duela berretsi du.