Itxi

Ekonomia

Elkarrizketa ETBn

Adegi: "Jubilaziorako adina atzeratzea zentzuzkoa izan daiteke"

Erredakzioa

Eduardo Zubiaurre Gipuzkoako patronalaren presidenteak uste du enpresek "malgutasun" gehiago behar dutela beharrezkotzat jotzen dituzten neurriak hartu ahal izateko.

Eduardo Zubiaurre Adegiko presidentearen iritziz, pentsioen sistemak erreforma bat behar du eta, beraz, erretiroa hartzeko adina atzeratzea "zentzuzko" neurria izan daitekeela azaldu du.

ETBn egindako elkarrizketa batean, Zubiaurrek esan du gai honen inguruko eztabaida beharrezkoa dela, pentsioen sistema epe ertain edo luzera zaharkituta geratuko delakoan eta "belaunaldi berriei pentsio duinak bermatzeko gai izango ez delako".

Horrez gain, enpresentzako malgutasun gehiago aldarrikatu du, "ingurunea aldatzen ari den heinean, konpainiak ere aldaketa horietara egokitu behar direlako".

Enpresek "eskuak lotuta" dituztela deitoratu du, besteak beste, "lan-hitzarmenak aztertzeko edota konpainian lan egiten duten beharginen inguruan erabakiak hartzeko; izan ere, langile gehiegi izan ditzakezu eta egokitzea azkar ezinbestekoa izan daiteke", azaldu du.

Bere ustez, egun enpresak "judizialki oso interbenituak daude" eta, ondorioz, ezin dituzte sakoneko neurriak hartu.

Gauzak horrela, enpresentzako malgutasuna ezinbestekotzat jo du, baina, era berean, kaltetutako pertsonek segurtasunerako bermeak izan behar dituztela erantsi du, lan-merkatuan murgiltzeko.

Krisi ekonomikoari dagokionez, Zubiaurrek esan du lantegietan murrizketak izan arren Gipuzkoak "ekoizten" jarraitu duela eta "biztanleria aktiboaren galera agian gehienez beste % 1 gehiago" hasi daitekeela. Galdutakoa errekuperatzea "zaila" izango dela onartu du.