Albisteak
Bideo-joko polemikoa
My Minx; umeak adoptatzeko eta kondoi birtualak erosteko jokoa
Luzia Zugadi
Bideo-joko berri honek sekulako polemika piztu du Erresuma Batuan, edozein adineko pertsonei zuzenduta egoteagatik.
Guraso askoren kritikak jaso ditu Erresuma Batuan bideo-joko berri batek, jokalariari kondoiak eta hurrengo eguneko pilula birtualak erosteko aukera ematen dion My Minx jokoak hain zuzen.
Pertsonaiak modako arropekin jantzi ahal ditu jokalariak eta, era berean, umeak adoptatzeko aukera ere badu. Pertsonaia ospetsu askoren bizitza imitatzen du joko honek eta Haitiko lurrikararen ostean umezurtz geratu diren umeak adoptatzeko aukera ere ematen du.
Edozein adineko pertsonei zuzenduta dago jokoa eta horrek sekulako polemika piztu du. Izan ere, bideo-jokoko pertsonaiak tabernetara eraman ditzake jokalariak, baita ligatzera ere, eta aipatu bezala, kondoiak eta hurrengo eguneko pilula eros ditzakete.
Dagoeneko 20.000 lagunek erabiltzen dute joko hau Interneten eta erabiltzaileetako asko oso gazteak dira, zazpi urte ingurukoak.