Itxi

Ekonomia

Merkantzien garraioa

Jundiz: Euskadiko atea, merkantziak ekarri eta eramateko

Erredakzioa

Jundizeko industria-gunea trenbidez garraiatutako merkantzien logistika zentro bilakatzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzak Sustapen Ministerioari.

Jundizeko Plataforma Logistikoa Estatuko merkantzia gune nagusi bezala hartzea eskatu dio Iñaki Arriola Garraio sailburuak Sustapen Ministerioari, aurki aurkeztuko duen Plan Nazionalean.

Arriolak Jundizek dituen alde onak nabarmendu ditu eta, besteak beste, estrategikoki ezin hobeto kokatuta dagoela esan du.

Arabako enpresa gehienak Jundizetik 30 minutura aurkitzen direla eta euskal enpresa gehienak ordubeteren buruan bertan egon daitezkeela azpimarratu du. Horrez gain, etorkizunean abiadura handiko zabalerako trenak eta zabalera iberiarra dutenak har ditzakeen gune bakarrenetakoa izango da Espainian.

Bestalde, Jundiz trenbidearen eta N-1 errepidearen ondoan dagoela gogoratu du, baita Bilbo eta Pasaiako portuetatik ordubete eta ordu eta erdira dagoela ere. Loiu, Foronda eta Hondarribiako aireportuak ere hurbil daudela azpimarratu du.

Egitasmoa aurrera eramateko aurreikusi duten aurrekontua 120 milioi eurokoa da. Lehendabiziko fasean 62 milioi euro erabiliko lituzkete.