Gizartea
Hautagaitza
Vicente Ferrer Fundazioa, Bakearen Nobel Saria jasotzeko hautagai
Erredakzioa
Internet bidez hautagaitza babesteko 62.500 sinadura jaso ostean, Nobel FVF herri plataformak postaz bidali du.
2010eko Bakearen Nobel Saria Vicente Ferrer Fundazioarentzat izatea bultzatzen duen herri plataformak gaur aurkeztu du erakunde horren hautagaitza, Fundazioko iturriek jakinarazi dutenez.
Internet bidez 62.500 sinadura jaso ostean, facebooken sortu zen herri plataformak hautagaitza gaur goizean bidali du postaz.
2010eko Bakearen Nobel Saria jasotzeko lasterketan lehen pausoa izan da, bigarrena, datorren astean atxikimenduak jasotzeko kanpaina Bartzelonan aurkeztea izango da.
Vicente Ferrer Fundazioak giza duintasuna defendatzeko eta ekonomia jasangarri bat garatuz pobreziarekin amaitzeko egindako lana goraipatu dute hautagaitzaren sustatzaileek.
Nobel FVF plataforma
Miguel Angel Sanchez Alemany finantza-auditoreak sortu du Nobel FVF plataforma eta bertan Estatuko egunkari garrantzitsuenetako zuzendariak, enpresariak eta politikariak daude, baita pertsona ospetsuak ere.
CiUk hala eskatuta, hautagaitza bultzatzea adostu zuen Senatuak iragan ekainean, Vicente Ferrer boluntario katalana hil ostean. Espainiako gizartearen adostasuna izan du erabakiak.
Osloko (Norvegia) Bakearen Nobel Sariaren Batzordeak ezarritako inskripzio epea bukatu baino egun bat lehenago aurkeztu dute hautagaitza.