Gizartea
Mutiloagoitiko hilketak
38 urteko espetxealdia, seme-alabak hil zituen emakumearentzat
Erredakzioa
Hala erabaki du epaileak, alde guztiak adostasun batera iritsi eta gero. Fiskalak 62 urteko espetxealdia eskatzen zuen, baina zigorra arindu dute buru nahaste iragankorra izan zuela argudiatuta.
38 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Nafarroako Lurralde Auzitegiak Mutiolagoitin bi seme-alaba hil zituen emakumeari. Bi haurrak hiltzeaz gain, beste bi ere hiltzen saiatu zen. Gertakariak 2008ko otsailaren 5ean jazo ziren. Hildako umeek 3 eta 7 urte zituzten eta bizirik atera zirenak 12 eta 14.
Epaia irmoa da, izan ere, alde guztiak adostasun batera heldu dira. Ahozko epaiketa gaur hasi behar zen Nafarroako Lurralde Auzitegian, baina akordio horren ondorioz bertan behera geratu da.
Zehazki, hilketa bakoitzeko 15 urteko zigorra ezarri diote eta beste launa gainerako bi hilketa saiakerengatik. Fiskalak 62 urteko espetxealdia eskatzen zuen, baina zigorra arindu diote aldi baterako buruko nahastea izan zuela argudiatuta. Bestalde, larrigarri bat ere erantsi diote, biktimak bere seme-alabak zirelako.
Gertakariak
Tragedia duela orain bi urte gertatu zen Mutiloagoitin. Fiskalaren idatziaren arabera, 40 urteko emakumeak botika lasaigarriak eman zizkien bere lau seme-alabei afariarekin nahasita. Baina emandako botika aski ez zela ohartu zenean, almoada edo burukoarekin ito zituen txikienak, 3 eta 7 urtekoak. Zaharrenak, 12 eta 14 urtekoak, hiltzen saiatu zen laban batekin lepoa mozten, baina ez zuen lortu. Egindakoa aitortuz lau ohar utzi zituen.
Dibortziatzeko bidean zen senarrarentzako, semeentzat, familiarentzat eta bere abokatuarentzat.
Ondoren, bere buruaz beste egin nahi izan zuen emakumeak, etxeko garajean autoaren kea arnastuta.
Fiskalaren idatziak dio bikotea dibortziatzen ari zela, aitak haurren zaintza partekatua nahi zuela, eta ez zuela onartu nahi. Horrek eragin zizkion estresa, bere senarrarenganako amorrua eta izaeraren trastorno nartzisista. Hala ere, egoera horretan egiten zuenaz jabetzen zen hein batean, fiskalak hitzez hitz dio arinki murriztuta zituela bere borondate eta ezagutza ahalmenak.