Athletic Club
BBVA Liga
Athletic-Xerez: Muñoz eta Ocio taldearekin entrenatu dira
Haritz Gallastegi
Lezama
Ustaritzek eta Gurpegik ere gainditu dituzte arazo fisikoak eta prest daude Xerezen aurka jokatzeko. Yeste, berriz, ez da zelaian agertu.
Athleticeko sendagileek lan gutxiago izango dute gaurtik aurrera. Hori espero dute behintzat. Iñaki Muñoz eta Aitor Ocio osatu dira eta gaur taldearekin egin dute lan. Luzaroan min hartuta egon ostean, egun berezia izan da eurentzat. Orain lehiatzen hasteko ezinbestekoa den erritmoa hartu beharko dute Caparrosen atentzioa pizteko.
Bi beteranoak futbolari sentitu dira gaur berriz. Baina ez da atsedenaldiaren osteko lehen lan saioak utzi duen albiste on bakarra. Izan ere, Gurpegik eta Ustaritzek ere gainditu dituzte azken partidan hartutako minak eta prest egongo dira Xerezen kontra aritzeko. Yestek, berriz, aparte entrenatzen jarraitzen du.
Susaeta eta Muniain Ipuruan arituko dira Eibarren kontra
Athleticek lagunarteko partida jokatuko du Ipuruan Eibarren aurka arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Caparrosek gutxi jokatzeko aukera dutenekin eta beheko mailetako jokalariekin batera –Guillermo aurrelari gaztea dago euren artean- Susaeta, Muniain eta Iturraspe ere deitu ditu. Lehen biek Yestek hamaikakoan utzi dezakeen postua izan dezakete jokoan.