Itxi

Artea

Pintura, orain ehun urte

Pariseko modernitatea Donostian, Renoir, Degas eta Picassorekin

Erredakzioa

Donostiako Kubo aretoan ikusgai da hainbat artista ezagunen lanak biltzen dituen 'Paris. 100 urte' erakusketa. Frantziako hiriburuaren eraldaketa arte lanetan irudikatu zuten egile ezagun hauek.

Modernitatearen erakusgarri zen orain ehun urteko Paris hiriburua.Talentu handiko pertsonen eskutik etorri zen berrikuntza, baina baita itzalean geratu ziren artista askoren lanengandik ere. Batzuen zein besteen lanak ikusgai daude orain Donostiako Kutxa Kubo aretoan, Paris. 100 urte izeneko erakusketan.

Claude Ghez bildumazalearen arte ondarearen hautaketa da ireki berri den hau. Guztira 75 arte lan daude Donostian (62 pintura, 8 marrazki, 2 eskultura, 2 akuaforte eta kartel bat), eta lan hauen egileen artean izen ezagun ugari: Renoir, Derain, Degas, Utrillo, Steilen, Picasso, María Blanchard, Foujita, Chagall, Van Dongen, Francis Picabia, Louis Legrand, Georges Bottini, Gustave Caillebote, Camoin, Sem, Marevna, Ossip Zadkine, Albert Gleizes eta André Lhote.

Paris hiriko fisonomia aldatzen hasia zen garai hartan, baina artista hauek guztiek askatasunaren azken gotorlekuan ezkutatzen zuten beren burua: Montmartre auzoan. Bertatik hiriko aldaketa guztiak jaso zituzten arte lanetan: desagertzeko zegoen guztia, denbora pasa arren bere horretan jarraituko zuena, kaleko bizitza edo hiriko lokal ezagunenetako giroa.

Apirilaren 5a arte Frantziako hiriburua izango da protagonista Donostian.