Itxi

kultura

Otsailaren 6a arte

Euskara Pariseko Expolangues hizkuntza-azokan izango da

Erredakzioa

Kultura sailburuak bertako Euskal Etxearekin hitzarmen berri bat sinatuko du. Helburua euskararen ikaskuntza bultzatzea da.

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak Pariseko Expolangues hizkuntza-azokaren 28. edizioan parte hartuko du. Otsailaren 6ra arte izango da azoka eta Frantziako hiriburuko Euskal Etxearekin sinatutako hitzarmena berrituko du Urgellek bertan.

Kultura Sailak jakitera eman duenez, euskara presente egongo da aurten ere hizkuntza-azoka garrantzitsuenetako batean. Stand bat egongo da bertan, euskarari nazioartekotasun izaera emateko asmoz, eta, aldi berean, inguratzen den orori euskararen berri emateko. Zehazki, euskararen erabilera normalizatzeko prozesuari buruzko informazio soziolinguistikoa eskainiko da, bai eta helduak euskalduntzeko ikasketa-programei buruzkoa ere.

Azokak, guztira, mundo osoko 80 hizkuntzaren inguruko informazioa emango duten 176 erakustoki izango ditu. Antolatzaileek 22.000 bisitari baino gehiago bertaratzea espero dute.