Gizartea
Kamioilariaren takografoa
Euskara erabiltzeagatik isuna jarri izana ukatu du Guardia Zibilak
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzari kexa bat helaraziko diola iragarri du Guardia Zibilen Elkarte Bateratuak (AUGC), "Hiu sindikatuak guardia zibilen aurka zuzendutako manipulazioagatik".
Eusko Jaurlaritzaren aurrean kexatu egingo da Guardia Zibilen Elkarte Bateratua (AUGC) eta Hiru sindikatuaren adierazpen "faltsuak" juridikoki aztertuko ditu. Kamioilari arabar bati isuna jarri zioten Jaenen, takografoan datak euskaraz idazteagatik, sindikatuak salatu zuenez.
Komunikatu batean, Hiru garraio sindikatuaren oharrak eta adierazpenak zerbitzu juridikoen eskuetan jarriko dituela adierazi du AUGCk, faltsuak direlakoan. Era berean, kexa aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzaren aurrean, "langileen, zerbitzari publikoen, guardia zibilen aurka zuzendutako manipulazioagatik".
Irailean Guardia Zibilak 4.601 euroko isuna jarri zion euskal kamioilari bati, takografoan (gidatzeko eta atseden hartzeko epeen kontrolerako tresna) datak euskaraz idazteagatik, Hiruk salatu zuenez.
"Onartezina"
Sindikatu batek "komunikabideen bidez gertatutakoa desitxuratzea onartezina" dela uste du Guardia Zibilen Elkarteak, "Guardia Zibilaren kontrol lana xenofobo eta ezjakin gisa aurkezten duelako".
Gizartean alarma sortzeko saiakera bat baino ez da izan, komunikatuaren arabera, arau-haustea ezkutatzeko. "Euskara jakin, hitz egin eta idazteagatik isuna jarri ziotela irudikatu nahi dute, nahiz eta horrekin giza adimena gutxietsi", AUGCen ahotan.