Politika
Auzitegi Nazionala
Gernikako Udalak ez du presoen argazkien ardura bere gain hartu
Erredakzioa
Gorroño (EA) alkatearen esanetan, udalbatza "bere herriarekin leiala eta legala" dela esan du. EAEko bigarren alkateordea ikertzen dabiltza jaietako programak inprimatzea agintzeagatik.
Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu ostean, Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak, ez du Udalaren gain hartu presoen argazkiak biltzen zituzten jaietako programen inprimatzea.
Gorroñok, udalbatzako kideak "zenbait gauzekin ados egon edo ez, bere herriarekin leialak eta legalak" direla azpimarratu du. Zentzu honetan, gai honen inguruan galdetzea "iraingarria" dela uste du. Gainera, ETAko presoen argazkiak jaietako programa batean agertzeak "inorentzako ondorio txarrik" ez izatea espero du.
Eloy Velasco epailea, Jesus Maria Alberdi Arrizabalaga Eusko Abertzale Ekintzako kide (EAE) eta bigarren alkateordea ikertzen dabil terrorismoaren apologia egitea eta biktimak iraintzea leporatuta. Bi urteko kartzela-zigorra du delitu horrek.
Jaietako programaren 6.000 ale inprimatzea agintzea egozten diote Alberdiri. Bertan honako ETAko presoen argazkiak zeuden: Oier Goitia, Arnaltz Guisasola, Borja Jacinto Uberuaga, Ibon Elorrieta, Javier Abaunza, Pedro Arronategi, Jorge Etxebarrieta, Urko Mancisidor eta Iosune Oña.